Udal kontratuetan klausula sozialak ezartzea onartu dute

Anboto 2016ko urr. 3a, 10:10
Aho batez onartu zuten, martitzeneko plenoan, ELA sindikatuaren proposamena.

Udalak egiten dituen kontratazioetan hainbat klausula sozial sartzea proposatuz, ELA sindikatuak aurkezturiko mozioa onartu zuten, joan zen martitzeneko udalbatzarrean, aho batez. Mozio hori onartuta, “Abadiñoko Udalak edo bere menpeko erakundeek kontratatzen dituzten obretan, herrilanetan eta zerbitzu publikoen kudeaketan gutxieneko baldintza sozialak” bermatzeko konpromisoa hartu zuen udalbatzak, Abadiñoko Independienteek, EAJk eta EH Bilduk aldeko botoa emanda.

Hartutako konpromiso hori bermatzeko, esleipen prozesuak arautzen dituzten baldintza orrietan klausula sozial horiek errespetatzea eskatuko die udalak lehiaketara aurkezten diren enpresei: “Lanari, gizarte-segurantzari, lan-osasunari eta segurtasunari buruzko xedapenak” betetzea. Enpresek klausula horiek bete ezean, kontratuak eten eta zigorrak ezarriko ditu Abadiñoko Udalak.

ELA sindikatuaren mozioa babestu arren, LABek ere udal kontratazioen inguruko idatzi bat aurkeztu berri duela azpimarratu zuen EH Bilduko Mikel Urrutiak. “Ez dugu ulertzen zergatik ELArena bakarrik ekarri duzuen plenora”, esan zion Urrutiak alkateari. Bi sindikatuek beraien mozioetan egiten dituzten eskakizunak berberak direla erantzun zuen alkateak, eta onartutako idatziak bien eskakizunak islatzen dituela.

Azken urteetan Abadiñoko Udalak azpikontrataziorako daukan joera ere kritikatu zuen Urrutiak. “Behin-behinekotasuna gutxitzeko konpromisoa hartu zuen udalak aspaldi, baina ez da sinatutakoa bete”. Alkateak erantzun zuen Madrilgo gobernuaren murrizketek “lotuta” egon dela udala, eta ez dela gobernu taldearen borondatea kontrataziorik ez egitea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!