‘Abadiño Sex’ zerbitzua kurtso honetan ere martxan

Anboto 2016ko ira. 29a, 10:15

Sexualitate eta berdintasun arloko aditu talde baten aholkularitza jasotzeko aukera izango dute Abadiñoko gazteek ikasturte berri honetan ere. Astelehenero, 17:00etatik 19:00etara, Pino plazako lokalean egongo dira aholkulariak, gazteei, gurasoei zein irakasleei ere aholkularitza eskaintzeko prest.

Gainera, ikasturtean zehar, sexualitatearen eta giza-harremanen inguruko gaiak eztabaidatu eta tailerrak eta bideo-forumak ere antolatuko dituzte zerbitzu horren bitartez. Ekimen honen azken helburua, “sexualitateari buruzko mitoak haustea eta berdintasunaren aldeko balioak zabaltzea” da.

Edozein zalantza dutenak sare sozialen bitartez ere ipini daitezke aholkulariekin kontaktuan, edo baita, helbide honetara idatzita ere: sexuaholkularitza@abadiano.org.

Udalak 2014tik eskaintzen du zerbitzu hau Lahia-Nahia sexologia elkartearen eskutik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!