Astxikiko pagoa zutundu dute auzolanean

Anboto 2016ko ira. 24a, 15:50

Haizeak botatako pagoa altxatu dute 45 bat abadiñarrek elkarlanean.

Praka motz, bastoi, motxila eta botekin atonduta, 45 laguneko koadrila bat mendira abiatzeko prest zegoen goizean goiz Zelaietako plazan. Zapatuetako mendi irteera bat emango zuen ezohiko osagai eta tramankuluz kargatuta egon ez balira: palak, aitzurrak, pikatxoiak, motozerra, burdinazko tubo astunak, kableak… Erreskate talde bat zen eta orain 10 bat egun Astxiki inguruan haizeak botatako pago estimatua altxatzea zuten helburu.

 

Atxartetik bertan dagoela dirudi, baina joan beharra dago eta tramankuluen pisuarekin… Iñurrien lez ilaran jarri, burua makurtu eta gora! 40 bat minututan pagoa bistan: “Bertan Bilbo”. Kin txakurra heldu da denen aurretik Kobailuko Urkulura (edo Atxurtuko Urkulura, beste batzuen esanetan). “Itxura eskasa dauka” esan du batek panorama aztertu ostean: “Sustrai nagusiak apurtuta dagoz, ganera ez dau angelu zuzenean, beherago baino, aldapagatik”. “Trankil, izan positiboa”, erantzun dio ondokoak, “ezezkoa badaukagu dagoeneko”.

Gainerakoak heltzen ziren bitartean pagoa jasotzeko diseinatuta zekarten plana errepasatu dute. Hiru taldetan banatu dituzte 45 bat lagunak. Lehenengoak zuhaitza motozerragaz inausi du pisua arintzeko eta, ondoren, katu hidraulikoekin pagoa ahalik gehien zuzendu du. Bigarren taldeak sustrai ingurua aitzurrekin garbitu du, gero motxiletan igota lurragaz betetzeko. Hirugarren taldearen ardura honakoa zen: pagotik metro batzuetara, hiru tokitan, burdinazko tuboak lurrean gogor sartzea, ondoren horiek pagora klabeen bidez lotzeko.

Beste batzuk argazkiak ateratzen zebiltzan: “Niretzako toki berezia da, aititaren eta amonaren errautsak hementxe dagozelako”. Beste baten proposamena: “Aurrerantzean irailaren 24an erromeria antolatu beharko litzake hemen eguna gogoratzeko”. Beste baten dudak: “Lortuko ete dogu jasotzea?”. Lagunaren erantzuna: “Euki fedea”. Fede kontua ere bazen orduan.

14:00 inguruan plana gauzatzeko prest zegoen. Soka bi adarretara lotu dituzte. 45 lagunak tiraka hasi dira eta… ezin. Zuhaitza gehitxoago zutundu beharra zegoen katu hidraulikoagaz. Handik ordu laurdenera bigarren saiakera. Bat, bi, hiru eta ieeeeeeup! Abadiño Sokatira Taldekoen pare. 40 bat segundotan altxatu dute pagoa. 13:30 inguru zen. Poza, txaloak, besarkadak, tortilla pintxoa eta ardo zahatoa ospatzeko. Familia argazki bat ere bai.

Motxilak eta tramankuluak batu eta badoa mendian beherantz erreskate espedizioa.  Eta han geratu da pagoa Astxikiren magalean, sustrai nagusiak zartatuta dituela, erdi burusoil, haizearen menpe balantzan… baina zutunik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!