“Egin dezakedan ekarpena gauzak esateko beste modu bat edukitzea da”

Anboto 2016ko ira. 16a, 11:39

ETBko albistegietatik politikaren lehen lerrora jauzia eman du Jasone Agirrek Bizkaiko zerrendaburu lez. Kultur arloko albisteak lantzetik mitinak ematera pasatu da. EH Bildun ez da bakarra. Arnaldo Otegiren inhabilitazioaren eraginez, Maddalen Iriarte kazetaria Gipuzkoako zerrendan bigarrenetik lehenengo postura pasatu da.

Zerk erakarri zaitu mundu honetara?
Konpromiso kontua dela esango nuke. Funtzio bat bete dezakezula uste badute, eta horretan lagundu ahal baduzu, nik ezin nuen ezetzik esan. Era berean, uste dut momentu erabakior batean gaudela, eta horrek erakarri egiten nau. Arnaldo Otegi hor egoteak ere erakarri egiten nau. Gainera, orain esan diezazuket jende oso prestatua ezagutzen nabilela, eta lana egiteko gogoa dutela.

Zelan bizi dituzu kanpainako egunak?
Asko dago ikasteko eta lantzeko. Gainera, norberaren lorratza igarri dadin ere gurako nuke. Ez nuke politikari konbentzional bat izan gura. Nik uste dut politika beste modu batera transmititu behar dela, eta nire ahalegina horretan doa. Gauza bera esaten dugu denok. Denon helburua eta mezua berdinak dira, baina esateko moduak daude. Nik uste dut lan honetan egin dezakedan ekarpena gauzak esateko beste modu bat edukitzea dela. Horrela, errazago heltzen zara jendearengana. Ilusionatu eta inplikatu egin dezakegu jendea. Gertutasun handiagoa sentitzea denon onerako izango da.  

Mitinetan emozionatuta igo zara oholtzara.
Emozionatzeko erraztasun handia dut. Eta, Bilboko Areatzako mitinaren ondoren, harrigarria da zenbat jende hurbildu zaidan esaten beraiek ere emozionatu zirela. Atzo bertan, Sestaon ginela, andra batek esan zidan oilo-larruagaz heldu zela etxera. Zeinen garrantzitsua den alde emozionala lantzea. Izan ere, politikan buru argia behar da bidea markatzeko, baina sentimendu gabe ez dago gasolinarik. Eta hemen mugitzen gaituena sentimendua da. Gainera, Areatzakoa nire lehenengo mitina izan zen, eta zelan ez naiz emozionatuko milaka lagunen aurrean. Durangokoa ere emozioz betea izan zen. Emozionatzeko gaitasun hori ez nuke galdu nahi.

Kazetaria izanda, politikoki markatua egoteak ardurarik sortzen dizu?
Kazetariok, beste edozein herritarren moduan, eskubide zibilak ditugu, eta eskubidea dugu gure bizitzako momentu batean politikara salto egiteko. Hori inork ezingo digu ukatu. Medikua bazara, eta politikan aritu ondoren ospitalera itzultzen bazara, inork zalantzan jarri dezake ez dituzula pazienteak berdin tratatuko duten ideologiaren arabera? Nik uste dut profesionala bazara, horrek ez duela zerikusirik. Egia da herri honetan markatu egiten zaituela. Ez dut uste nire lanera itzultzen naizenean politikari buruzko gaiak landuko ditudanik. Kultur arloko gaietarako ez dut uste arazorik dagoenik. Hala ere, gauzak zintzotasunez eta elegantziaz egiten badituzu, ez dago arazorik.

Arnaldo Otegiren inhabilitazioak zein eragin izan du?
Hasieratik esan dugu bera dela gure lehendakarigaia, eta izaten jarraitzen du. Otegik berak esan zuen EH Bildurekin problema bat dutela hainbat lagun daudelako lehendakarigai izateko prest eta prestatuta horretarako. Beraz, alde horretatik, Arnaldok hor jarraituko du, lehendakarigai izan zein ez, zeresan handia duelako. Horrek erakusten duena da zein justizia mota dugun eta zer itxaron dezakezun Madriletik. Banatzeko argumentu bat gehiago.

Hauteskundeetako inkestei begira, EH Bilduri beherakada iragartzen diote. Zein aurreikuspen duzue?
Gu irabaztera goaz. Horixe da gure filosofia. Helburu horregaz goaz hauteskundeetara. Badakigu legebiltzarra oso zatituta egongo dela, eta hor badakigu oso leku onean egongo garela akordioetara heltzeko. Nahitaez, akordioak beharko dira aurrera egin ahal izateko. Gehiengo zabal bat erabakitzeko eskubidearen alde egongo da.

Legegintzaldi honetan erabakitzeko eskubidea gakoetako bat izan daiteke?
Lehenengo, bideorria denon artean adostu beharko dugu, eta horrek kontsulta batera eraman gaitzake. Herriari galdetu behar zaio, horren alde dagoen ala ez.

Beste zein lan ildo aurreikusten duzue?
Erabakitzeko eskubidea gure filosofiaren oinarrian dago. Beraz, ahalik eta erabakirik gehien hemen hartzea da gura duguna. Gizarte segurantzaren euskal sistema propioa sortzea, abortatzeko euskal lege propioa garatzea, burujabetza ekonomikorako lehendakariordetza sortzea, hezkuntzan lege propioa sortzea...

Legebiltzarreko ohiko egitura hautsiko du Podemosen sarrerak. Akordioetara heltzeko beharrizana egongo da.
Guk akordioetara heltzeko prestutasuna dugu. Podemosen arazoa da ez dutela argi benetan zer gura duten. Erabakitzeko eskubidearen alde daude, baina aldi berean ez dute Gure Esku Dagon parte hartzen. Indefinizio horregaz, ez dakizu zer gertatuko den. Podemosegaz ahalbidetzen da ez dela gehiengo oso bat egongo, eta horrek akordioetara heltzera derrigortuko gaitu denok. Arlo sozialean edo erabakitzeko eskubidean aurrerapausoak ematen lagundu dezake.

PSE-EEk euskararen inguruan kaleratu duen bideo batek hautsak harrotu ditu hauteskunde kanpainan.
Hizkuntzak aberastasuna dira. 2016ean diskurtso horregaz etortzea lotsagarria eta arduragabea da. Lan handia egin da jendea mundu horretara integratzeko. Jarrera hori botoak irabazteko dela dirudi, baina gauza batzuekin ezin da jolasean ibili. Hizkuntzak batzeko izan beharko lirateke. Bideo hori kontrara egingo nuke, errealitatea kontrakoa delako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!