Gaur iluntzean hasiko dituzte Aitte Kurutzeko jaiak

Anboto 2016ko ira. 13a, 10:30
Argazkia: Abagaztetxea

Txistulariek giroturiko kalejira aterako da 19:00etan Andra Maritik, eta 20:00etan ipiniko dute jaien hasiera iragarriko duen Donien Atxa. Berakatz zopa jango dute Donien Atxa ipini eta gero.

Bihar, meza egingo dute, 11:30ean, eta kamisoi eta pijama eguna ospatuko dute, irailaren 16an. Ugarixo txapelketagaz hasiko dute, 18:30ean, irailaren 16ko kamisoi eta pijama eguna. Parrillada egingo dute, 20:00etan, eta Lotxo taldearen erromeria hasiko da, 20:30ean. Ohiturazko umeen patata dantza (22:00) eta helduena (00:00) ere egingo dituzte, barikuan.

Zapatuan eta domekan ere elkartuko dira abadiñarrak Aitte Kurutzeko jaietan. Umeentzako ipuin kontalari baten saioa izango dute zapatuan, 17:30ean, ikusgai, eta tortila txapelketa jokatuko dute, ondoren. Gauean, 22:30ean, Spazi...O zirko garaikide ikuskizuna eskainiko du Dikothomia taldeak. 

Mozorro eguna ospatuko dute, domekan. Mozorrotuta, ijito ezkontza bat antzeztuko dute, 12:00etan, Maleta Ziku bazkarian elkartuko dira, gero, eta DJ Flamenkitok ipiniko du musika, 17:00etatik aurrera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!