Egunero zabalduko dute Gerediagako foru zelaia

Anboto 2016ko uzt. 21a, 16:00

Datorren asteko eguenean, 11:30ean egingo dute Gerediagako Foru zelaia musealizatzeko burutu dituzten lanen aurkezpena, Gerediagako San Salbadore ermitan egingo duten ekitaldian.

Imanol Larrinagak egindako irudi historikoen marrazkiak dituzten informazio panelak ipini dituzte, besteak beste. Aurrerantzean egunero zabalduko dute ingurua, leku hori eta bere historia ezagutzera emateko.
Besteak beste, Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak, Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak eta Bizkaiko Batzar Nagusietako Lehendakariak parte hartuko dute uztailaren 28ko ekitaldian.

Foru Zelai horretan egin zituzten, gutxienez sei mendez, Durangoko Merinaldeko Batzarrak, eta Bizkaiko Batzar Nagusien Osoko Batzar batzuk bertan egiten dituzte gaur egun.

Uztailaren 28ko aurkezpen ekitaldi horretan, Jon Irazabal Gerediagako kide eta ikertzaileak eta Imanol Larrinagak bisitaldi gidatua eskainiko dute Foru Zelaian zehar.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!