Bost urte bete berri dira agentzia zabaldu zenuela.
Bai, maiatzaren 31n bete dira bost urte. Ezagutzen nituen agentziak ez nituen gustuko, eta bestelako aukerak eskaintzeko zabaldu nuen Bagoaz. Sasoi hartan hasi ginen internet gehiago erabiltzen, eta beste ate bat zabaldu zidan horrek.
Zertan aldatu du internetek bidaiatzeko era?
Agentzia konbentzionaletatik aparte, bestelako gauzak bilatzeko aukera ematen du. Nire kasuan, Venezuela izan zen nire kabuz egin nuen lehenengo bidaia. Ez zegoen hara eraman gura ninduen bidaia agentziarik, eta niri oso bitxia egiten zitzaidan naturari loturiko bidaiak maite dituenarentzat paradisua zen herrialde hartara inork bidaiarik ez antolatzea.
Zelan antolatu zenuen bidaia?
Hango enpresa bategaz ipini nintzen kontaktuan, Venezuelako hainbat leku bisitatzea aholkatu zidaten, eta horrela joan nintzen. Hemengo agentzietan, aldiz, “Venezuelara ez, Kolonbiara, ez...” esaten zidaten. Hor hasi zen dena.
Orduan hasi zinen pentsatzen eredu hori eskaintzea jendeari.
Bai, izan ere, uste nuen agentzia estandarrek ez zutela etorkizunik: denek eskaintzen zuten produktu bera, izen eta prezio desberdinetan. Enpresa martxan jartzeko ikastaroa egin nuen Behargintzan, eta han nire ideiaren posibilitateez egin zituzten aurreikuspenen kontra, hemen nago, pozik.
Zer aurreikuspen egin zuten?
Oso negatiboa zen negozioaren errentagarritasunaren prospekzioa: ez nuen gustuko sektoreko errelitatea, sekula lan egin bakoa nintzen arlo horretan zein jendaurrean... “Zoratuta zaude”, esan zidaten. Baina, agentzia zabaldu aurretik saldu nuen lehenengo bidaia, eta ordutik, arratsalde batean uste dut aspertu naizela (barrez).
Zer hasi zinen eskaintzen?
Bidaiatzeko nahiko tradizional eta konbentzionalak ginen euskaldunak nik agentzia martxan ipini nuenean. Bazirudien Salou, Benidorm eta Tenerifez haratago ez zegoela beste aukerarik. Betiko aukera horiez gainera, eta sarritan prezio berdinean, beste aukera batzuk ere badaudela hasi nintzen erakusten nire bezeroei.
Agentzia estandarretan proposatzen ez dituzten lekuak erakusten dizkiezu, beraz?
Bai, baina ez da bakarrik leku alternatiboen eskaintza. Bidaia mota da: neure esperientziatik abiatuta, bezero bakoitzarentzat neurrira pentsatutako bidaiak dira, tokian tokiko enpresekin harreman zuzena eginda. Bidaiaren kalitateak gora egitea eta prezioak behera egitea lortzen duzu, horrela.
Elkarrizketa hau egin osteko egunean Karibera zoaz.
Bai. Bi egun egingo ditut hotelak bisitatzen, eta gero, hiru-lau egun hartuko ditut neuretzat. Hona bueltatuta, herrialde bakoitzean eduki dudan esperientzia kontatzen diet agentziara datozen bezeroei, eta proposamena egokitzen diot bezero bakoitzari. Oso lan polita da: jendea irribarrez sartzen da bulegoan, pozik doa bidaian, eta irribarrez bueltatzen dira.
Funtzionatzen du sistemak.
Bai, esan dezaket funtzionatzen duela. Bezeroekin hitzordua egiteko, astebeteko itxaron-zerrendak edukitzen ditut, behe-denboraldian ere bai. Hitzordua egiten duen ia %100ek kontratatzen du bidaia nigaz, eta bost urtean erreklamazio bakarra ere ez dut izan.
Zure proposamenak onartzeko prest egoten da jendea?
Hasiera batean Teneriferako bidaia prestatzeko eskatuz etortzen zitzaidan jende askok nora joan gomendatzea eskatzen didate azken aldian. Eta konfiantza osoa dute nigan. Esaten didate: “Honako aurrekontua daukat: nora joan naiteke?”. Horrek egiten du nire lana dibertigarri eta sortzaile, eta denbora guztian jendearekin hartu-emanean egoteak.
Bestela egingo ez zituen bidaiak egin ditu jendeak zure gomendioari jarraituta.
Bai. Eta bidaiatzen asko ibili bakoa zen jendea ohartu egin da zelako esperientzia izan daitekeen bidaiatzea. Unibertsitaterik onena da bidaiatzea.
Durangaldeko bezeroak dira dauzkazun gehienak?
Lehen bi urteetan horrela zen, baina orain, Gipuzkoa, Burgos, Zaragoza eta Madrilgo bezeroak ere badauzkat. Ahoz aho zabaltzen dute Bagoaz nire bezeroek, eta horrek erakartzen ditu bezero berriak.