"DJ saio baten atzean, ikusten ez den prestaketa lan handia dago"

Anboto 2016ko eka. 11a, 10:00

Binilo eta plater artean bizi dira Aitor eta Dani Pintado anaiak. Aitorrek soinu teknikari ikasketak egin zituenean, nahaste-mahaia erosi, eta DJ munduan lehenengo urratsak eman zituen. Dani anaia gazteari ere zaletasun hori kutsatu dio.

Zelan sartu zarete mundu honetan?
Aitor Pintado: Duela zazpi urte nahaste-mahai bat erosi nuen, eta musikagaz probak egiten hasi nintzen. Bi urte geroago, Matienako jaietan jaialdi bat antolatu genuen, plazan. Plateruenean ere jartzen dugu musika.
Dani Pintado: Aitor etxean ez zegoenean, bere materiala erabiltzen hasi nintzen. Horrela, hasi nintzen zaletzen, apurka.

Traña-Matienako San Prudentzio jaietan jo duzue aurten. Herrian jotzea zelako esperientza izan da?
D.P.: Neuk jo nuen jaietan. Publikora begiratu, eta plaza bete-beteta ikustea itzela izan zen. Azkenengo urteetako beste edozein kontzertutan ez dut hainbeste jende ikusi. Lagunak eta familiako kideak ere etorri ziren. Gurasoak, amama...
A.P.: Aurtengoan ez, baina  orain bost urte, jaietarako antolatu genuen jaialdian egon nintzen. Udalak ez du musika mota hau bultzatzeko erraztasun handirik ematen. Rock taldeak ekartzeko nahiko trebeak dira, baina DJak ekartzeko oztopoak jartzen dituzte.

Musika estilo bera gustuko duzue?
A.P.: Danik reggaetoia jartzen du, eta nik, aldiz, musika elektronikoa. Bi estiloek publiko oso desberdina dute. Gazteei gehiago gustatzen zaie reggaetoia.

Dani, noiztik gustatzen zaizu reggaetoia?
D.P.: House musikagaz hasi ginen biok, baina orain reggaetoia jartzen dut. Jaietara irten, eta reggaetoia gustuko nuela konturatu nintzen.

Diskoteka batean jartzen duzu musika.
D.P.: Bilboko Back Stagen pintxatzen dut. Horrez gain, hilean behin, Plateruenean Live and Beat jaialdia antolatzen dugu. Ondarroako kafe antzokian ere aritzen gara.

DJen loraldian gaudela esan dezakegu?
A.P.: Geroz eta DJ gehiago daude. Gailu berriekin pintxatzea geroz eta errazagoa da.

DJ baten saio bat entzuten duzuenean, zerk harrapatzen zaituzte?
A.P.: DJ bat ikustera noanean, jartzen duen musikaz gain, asko baloratzen dut zelan pintxatzen duen. Niri musika lasaiagoa gustatzen zait. Estilo hori, Berlinen esaterako, asko entzuten da. Hemen ez hainbeste. Kultura elektroniko gutxi ago dago.

Saio bateko sormen prozesua zelakoa da?
A.P.: Pintxatzeaz gainera, musika sortu ere egiten dut nik. Lau lagunen artean Globular Bass kolektiboa sortu genuen, eta Free-Label moduan lan egiten dugu. Jai alternatiboak egiten ditugu, hainbat estilo nahasita: reggea, hip-hopa, trap eta elektronikoa. Bestalde, datorren astean nire lehenengo abestia aterako dut. Saioetarako, berriz, musika jaitsi eta biniloak erosten ditugu. Zuzenean, dagoen publikoaren arabera, moldatu egiten dugu gure musika. Saio baten atzean, prestaketa lan handia dago.
D.P.: Musika aukeratu, eta nahasketak egiten ditut. Jendeak pentsatzen du dirua irabazten dela, baina atzean lan itzela dago. Eta horri jaialdi oso baten prestaketa gehitzen badiozu, ardura handia da.
A.P.: Danik ordu asko sartzen ditu. Orain bi urte hasi zen, eta ilusio handia du. Nire kasuan, ez dut ilusioa galdu, baina lasaiago hartzen ditut gauzak.

Zein DJ duzue gogoko?
A.P.: Ricardo Villalobos. Ekainaren 15ean Sonar jaialdian pare bat artista ikusteko aprobetxatuko dut.
D.P.: Nik ez nuke esango erreferenterik dudanik.

Ez duzue inoiz elkarrekin pintxatu. Matienako hurrengo jaietako nobedadea izan daiteke!
A.P.: Behin lokalean pintxatu genuen elkarrekin, baina jendaurrean ez. Bakoitzak bere estiloa du  (barrez).

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!