Auto klasikoak, mekanika eta gidatzea: Lasuen anaien zaletasun partekatua

Anboto 2016ko mai. 17a, 09:17

Auto klasikoekiko zaletasuna partekatzen dute Jose Luis Lasuen eta Eladio Lasuen anaia abadiñarrek. Zaletasun bera dute, baina osagarriak dira, gainera: Jose Luisek gidatzea maite du, eta ibilgailuen mekanikari jardunda gozatzen du Eladio anaia gazteak gehien.

Asteburuan Usansoloko auto klasikoen kontzentrazioan parte hartu ostean elkartu da ANBOTO Lasuen anaiekin, beraien zaletasunaren berri jasotzeko. “Jende askok dauka auto klasikoen afizio hau”, dio Jose Luisek, “ehun lagunetik gora elkartu ginen Usansolon ere”. Durangaldean ere hainbat lagunekin konpartitzen dute zaletasuna, eta oso gogoan dituzte Juanjo Aurrekoetxea lagunagaz auto klasikoen azoketara egindako bidaiak, edo autoak konpontzeko zeukan zaletasuna eta esku ona: “Laguntzeko prest zegoen beti: tornuagaz lan egiten zuen, soldatzen bazekien...”.

Hainbat auto klasiko dituzte etxean Jose Luis eta Eladio Lasuenek: hiru lehenak, eta bost bigarrenak. Argazkirako atera dituzte Eladiok dauzkan zaharrenak: 1930eko Citroen bat, eta 1924ko Ford bat.

Umetatik eduki dituzte Jose Luisek eta Eladiok ibilgailuak begitan. Umeak zirenean, euren etxean zein herrian ikusten zituzten autoak akorduan dituzte: euren aitak eduki zuena, Abadiñoko Benito praktikantearena, madrildar batzuek herrira zetozenean ekartzen zutena...

Gaztetan auto lasterketetan ibilitakoa da Jose Luis Lasuen. Urkiolako igoeran parte hartu izan du, esaterako. Kontatu du orain gutxi arte ere parte hartu izan duela auto klasikoen lasterketetan, Ainara alaba kopilotu zuela. Azaldu du erregulartasuna dela auto klasikoen probetan neurtzen dena. Ondarroa eta Lekeitio arteko 11 kilometroak eta 115 bihurguneak batez besteko 50 kilometro orduko abiaduran egitea, adibidez. “Ama izan da alaba, eta orain ez dugu probetan parte hartzen, baina oso talde ona egiten genuen: oso zehatza zen bere kalkuluak egiten, eta nik berak agindutakoa bete baino ez nuen egin behar”, dio Jose Luisek.   

Gidatzea eta mekanikari jardutea dute gustuko, eta euren buruari “txatarreroak” esaten diote, umorez. “Honelako auto baten mekanika gauza ederra da”, azpimarratu dute, “gaur egun fabrikatzen diren autoekin ez bezala, gai zara motor hauetan eskua sartzeko eta hainbat konponketa zuk zeuk egiteko”. Horren adibidea eman du Eladiok: “Larrabetzuko kontzentraziotik nentorrela, platinoak apurtu zitzaizkion kotxeari, eta garabiak ekarri zuen etxera. Neuk konpondu nuen etxean”.

Lasuen anaiek azaldu dutenez, interneten errazago lortzen dituzte auto klasikoentzako piezak, auto berrientzako zenbait pieza baino: “Eskaera egin eta hiru egunera hemen dauzkazu AEBetatik ekarritako piezak”.

Gehiago gozatzen dute auto zaharrak gidatzen, modernoak baino: “Udan Triumph kabrioletagaz ibiltzea oso gustuko dugu emazteak eta biok”, dio, esaterako, Jose Luisek. 1959ko auto bat da Triumph hori, ez dauka esekidurarik, eta horregatik oso arin ibiltzea komeni ez den arren, autobidean ere ibiltzen dira beragaz.

Beraiek dauzkatenak bezalako auto klasiko bat eskuratzea jende askok egiteko moduko inbertsioa dela diote anaiek. Baina, hori bai, autoak “zaintzeko, behar den bezala mantentzeko” ere dirua inbertitu beharra dagoela azaldu dute. Izan ere, auto guztiak erabiltzeko, “martxan ipintzeko puntuan” edukitzea da autozaleon helburua. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!