Aurtengo egitarauari eskaintza berria gehitu diote playback lehiaketagaz: “Iazko bazkari, poteo eta jolasez gainera, zeozer desberdina eta berria eskaini gura genuen”, dio Alex Cuesta Gazte Asanbladako kideak. Parte-hartzaileek abesti eta abeslari ezagunen imitazio edo antzezpen pertsonalak egingo dituzte, horretarako apropos jantzita: “Umorez betetako ekintza izango da”.
Gauerdian hasi eta 1:00 arte egingo dute, plazako eszenatokian. Izen-ematea aurretik egin beharra dago helbide elektroniko (playbacksanprudentzio@gmail.com) edo WhatsApp bidez: 685 762 888.
Ze Esatek! taldea zuzenean
Playback-aren aurretik eta atzetik, musika kontzertuak egongo dira. 22:00etatik gauerdira arteko bi orduak DJ Danny Meip matienarraren musikak beteko ditu. Lehiaketaren ostean, Ze Esatek! taldearen rock, reggae eta ska doinuek hartuko dute Traña-Matienako plaza. Gazte Asanbladan bozketa egin zuten zein talde ekarri erabakitzeko, eta Ze Esatek! taldeak lortu zuen boto gehien.
Bazkaria, plaza mugatu barik
Iaz, 200 lagunentzako tokia izan zuen Gazte Eguneko bazkariak. Txartel denak saldu zituzten, eta batzuk kanpoan geratu ziren, tokirik barik. 200 txartel jarri zituzten eskuragarri, bazkari kopuru hori bermatu zezaketelako. Aurten, muga hori ezabatzea lortu dute. Bazkalostean, 17:00etan, Gazte Olinpiadak egingo dituzte plazan eta, ondoren, poteoan irtengo dira elektrotxaranga batek lagunduta.
Lokaletatik kalera
Traña-Matienako gazteak iaz hasi ziren lehenengoz batzartzen Gazte Eguna antolatzeko. Baina gune berri horrek epe luzera begirako beste helburu bat ere bazuen: Gazte Asanblada sortzea. Gazteak modu koordinatuan egituratzeko lehen saiakera baliagarria izan zen Gazte Eguna antolatzeko, baina jaien ostean indarra galdu zuen. Sustatzaileek bigarren ahalegina dute aurtengoa, iazko akatsetatik ikasita: aurten, ordezkari finkoak izendatu ditu lokal bakoitzak, eta horrek konpromiso maila handitu du. Ordezkari eta maiztasun egonkortuagaz “iritzi trukaketa aberatsagoa da eta batuago gaude” dio Cuestak.
Aurtengo Gazte Eguna antolatzen dabiltzan gazteak