Ez dago ganorazko jairik bertso saiorik barik. Traña-Matienako jaietan ere bertsolaritzaz gozatzeko ohitura handia dute, eta urteroko zita garrantzitsu bat izaten da herriko zein inguruetako bertsozaleentzat. Aurtengo jaietarako, maiatzaren 6an ipini dute bertsoaren hitzordua. Igor Elortzak, Maialen Lujanbiok, Jone Uriak eta Anjel Mari Peñagarikanok egingo dute bertsotan, Errota kultur etxean, 22:00etatik aurrera.
Berriozabalen esanetara
Bertsolariek Maite Berriozabal gai-jartzailearen aginduetara kantatuko dute jaietako bertso jaialdian. Belaunaldi desberdinetako bertsolariak dira laurak, baina denak oso ezagunak bertsoaren panorama zabalean. Peñagarikanoren piperra eta gatza, Lujanbioren sakontasuna, Elortzaren dotorezia eta Uriaren freskotasuna nahastuko dira saioan zehar. Bertsozaleentzat disfrutatzeko aukera bikaina izango da, beraz.
Bertso saioaren ostean, Luhartz taldearen erromeriagaz jaraituko du jaiak, Traña plazan. Horrela, bertsotik dantzarako saltoa emango dute jaizaleek.
Sarrera, mugatua
Saioa areto barruan izango denez, sarrera kopuru mugatua egongo da. Ondorioz, gonbidapen-txartela hartu beharko dute interesdunek. Maiatzaren 2tik aurrera eskugararri egongo dira txartel horiek, Errota kultur etxean bertan.
Jaietako antolatzaileek adierazi dutenez, pertsonako bi sarrera emango dituzte, gehienez jota.