San Prudentzio jaiak 2016

Geu Be-ko kideek botako dute txosnaguneko txupinazoa

Anboto 2016ko api. 28a, 10:10

Geu Beko kideek botako dute txonaguneko txupinazoa

San Prudentzio jaiak Donien Atxa jasota atzo hasi ziren arren, apirilaren 27an,  txosnaguneak barikuan emango die hasiera 2016ko Traña-Matienako jaiei, apirilaren 29an.

Aurtengoan, Geu Be elkarteko gazte abadiñarrak izango dira txupinazoa botako dutenak. “Oso pozik gaude,  guretzat ohore bat da jaiei hasiera ematea”, adierazi du Jon Guerrerok. Jaietan protagonista izango diren gazteek aitortu dute bakoitzak bere etxean entseatzen duela, dena ondo irteteko eta momentua disfrutatzeko.

Prestaketa lanetan
Pozez zoratzen dabiltzan gazteak, beraiek dira txupinazoa prestatuko dutenak, zer esan, zer egin...  Jose Alfaro koordinatzailearen hitzetan, “gazteek beraiek erabaki dute zer eta nola egin nahi duten”.  Iban Rodriguez laguntzailearen hitzetan, eurek “lagundu” diete gauzak prestatzen, baina erabaki “garrantzitsuak” protagonistek hartu dituzte. Argi dute guztiek egun hau “egun handia” izango dela, eta beraz, zerbait “polita” egiteko asmoa dutela aurreratu dute.

Atzera kontaketa
Txupineroak izango zirela jakin zutenetik, atzera kontaketan dabiltza gehienak. Diego Lopek, esaterako, jakin zuen momentuan, apirilaren 29a margotu egin zuen egutegian, eta egunak ezabatzen dabil harrezkero. “Ilusio berezia egiten dio Diegori egun horrek. Bere kuadrillakoak oso txosneroak dira, eta bere lagunen aurrean bera txupineroa izatea izugarria da berarentzat”, adierazi du Ana Nievasek, Diegoren amak.

Iban Rodriguez laguntzaileak ere ez du ilusio txikiagoa. Rodriguez urtero ibiltzen da jaietan murgilduta, hainbat ekitalditan laguntzen. Aurtengoan, Geu Be-ko kideen ondoan egon ahalko da txupinazoaren momentuan. Rodriguezen hitzetan, gazteekin parte hartzea “mundiala” da.  Eta momentu hori denentzat “oso berezia” izango dela aitortu du.

Urteroko zita
Txupinazoaz gain, urteroko zitarako ere gogotsu daude Geu Be-ko kideak. Hau da, txahala erreko duten egunerako.

2005az geroztik, udalak proposamena mahai gainean jarri zienetik, San Prudentzio jaietan txahal bat erre eta pintxoak salgai jartzen dituzte Geu Be-ko kideek, Trañako plazan.

Maiatzaren 1a egun handia izaten da gazte, familia, koordinatzaile eta laguntzaile guztientzat. Lana egin behar izaten duten arren, guztiek batera “ondo” pasatzeko egun bat izaten dela adierazi dute familiartekoek. Aurtengoan jaiak modu berezi batean biziko dituzten gazte hauek “herritarrek jaietan ondo pasatzea eta, denek batera, berdintasunean disfrutatzea" nahi dute.

Iazko jaietan ere Geu Bek txahala erre zuen

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!