San Prudentzio jaiak 2016

Apirilaren 30ean, jaietan estreinatuko du Banarte antzerki taldeak 'Dudas razonables' obra berria

Anboto 2016ko api. 27a, 10:33

Entseguan topatu ditugu Banarte taldekoak, Errota kultur etxean

Errota kultur etxean eskainiko du Abadiñoko taldeak, apirilaren 30ean, 22:00etan, Twelve angry men obran inspiraturiko lana.

Rafa Herce kideak idatziriko testua dauka Banarte antzerki taldeak Abadiñoko San Prudentzio jaietan estreinatuko duen Dudas Razonables antzerki obrak. Reginald Rosek idatziriko Twelve angry men istorioa oinarri hartuta sortu dute, eta obra hura bezala, iritziak bizipenetatik banatzeko daukagun ezintasunaz mintzo da Banarteren antzezlana. Objektiboak izateko ezintasunaz dihardute Banarte antzerki taldekoek: gure eguneroko bizitzetan aurreiritziek duten lekuaz ohartarazi gura dute ikuslegoa antzezlan berriagaz.

Reginald Rosek 50eko hamarkadako AEBetako egoera islatu eta heriotz zigorra kritikatzen bazuen ere, Abadiñoko Banarte antzerki taldeak “norbanakoen eta euren egoeretan” ipintzen du arreta. Rafa Herce Dudas Razonables obraren testuaren egilearen berbetan, “ispilu bat ipini gura dugu ikuslearen aurrean, eta bere burua islatuta ikusten duenean, publikoa bere buruari galderak egitera bideratzea: zer egingo nuke nik egoera horretan banengo?”. Jendeak bere buruari horixe planteatzea gura du Banartek.

Sententzia herri-epaimahai batek emango duen epaiketa bat da Dudas razonables antzezlaneko istorioaren kokagunea. Banarteko kideek azpimarratu dutenez, “justizia egin ahal izateko, objektiboak izan behar lukete epaimahaiko kideek, eta itxuren eta errealitatearen artean bereiztu”. Baina Dudas Razonables antzezlanak erakusten duen bezala, epimahaikoek objektiboak izateko duten ezintasunak ezinezko egingo du epaiketa bidezkoa izatea.

Antzerki obraren testua idatzi duen Rafa Hercek eta beste zortzi aktorek dihardute oholtzan Dudas razonables obran, Javier Liñeraren zuzendaritzapean: Aitor Coello, Rosane Mateo, Loli Reñón, Dolma Romera, Isabel Rodríguez, Eduardo Falces, Eduardo Pombar eta Idoia Bilbao dira, Hercegaz batera, Dudas razonables antzezlaneko gainerako aktoreak.

Javier Obregon durangarrak prestaturiko eszenografia dauka Traña-Matienako San Prudentzio jaietan estreinatuko duten antzezlanak. Musika Aitor Coellok sorturikoa da, eta jantziak, bestalde, Iolanda Iriondok egin ditu.

Abadiñoko Udalak, EITBk eta Belategi armategiak babestu dute Banarte antzerki taldearen proiektu hau. Estreinaldia Abadiñon egin eta gero, antzerki lana han-hemen erakutsiko dute: maiatzaren 28an, Campos Elíseos antzokian eskainiko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!