Ekainetik aurrera martxan egongo da auzo-taxi zerbitzua

Anboto 2016ko api. 26a, 13:00

Gaur, 19:00etan, egingo duten udaleko osoko bilkuran proposatuko du gobernu taldeak auzo-taxi zerbitzua arautuko duen udal ordenantza berria. Ekainean gura du gobernu taldeak auzo-taxia martxan ipini, eta zerbitzu berriaren inguruko zehaztasunak prentsa ohar batean zabaldu ditu.

 

"Baserri auzoetako herritarrei Zelaieta eta Traña-Matienara erraz eta eroso joan ahal izateko" aukera eskaintzeko helburua du, gobernu taldearen arabera, zerbitzu berriak. Iñaki Rekalde Turismo, Komertzio eta Landa Garapen arloko zinegotziaren berbetan, "erraztasunak eman nahi dizkiegu herritarrei erosketak egiteko, medikuarengana nahiz bankura joateko". Gobernu taldeak azpimarratu duenez, baserri auzoetako hainbat herritarren eskariari erantzunez erabaki dute zerbitzu berria martxan ipintzea.

Gaur onartuko duten araudiaren arabera, autorik ez daukaten baserri auzoetako bizilagunak izango dira zerbitzuaren onuradunak. Zerbitzua baliatu ahal izateko, "Auzo-taxi" txartela eskuratu beharko dute euro bat ordainduta, eta auzogunetik Zelaieta edo Traña-Matienarainoko bidaia bakoitzarengatik 2 euro ordainduko dituzte, autoan doazen bidaiari kopurua edozein delarik ere. Erabiltzaile bakoitzak bidaia bi egin ahalko ditu, gehienez, egunean.

Astelehenetik barikura, 07:30etik 20:00etara, eta zapatuetan, 09:00etatik 14:00etara, egongo da auzo-taxi zerbitzua martxan. Domeketan, jaiegunetan eta abuztuan, berriz, ez da zerbitzurik egongo.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!