Birkalifikazioaren inguruko iritzia eman gura dute herritarrek

Anboto 2016ko api. 26a, 09:42

Besteak beste, Mercadona eta Lidl supermerkatuak eraiki ahal izateko, Murueta auzoko 31.973 metro koadroko lursaila merkataritzarako lur bezala izendatu ahal izateko udalak egin beharreko birkalifikazioaren tramitazioari buruzko berbaldia eskaini zuten, Traña-Matienako kultur etxean, atzo. Ordu erdi inguruz jardun ziren teknikariak Arau Subsidiarioen aldaketa puntualaren inguruko azalpenak ematen, eta horren ostean, ordubetez ibili ziren bertaratutako hainbat entzule teknikariei zein bertan zegoen Abadiñoko alkateari galderak egin eta euren iritzia ematen.

Herrian halako eztabaida eragin duen "horren gai serioaren" inguruko erabakia hartzeko galdeketa lotesle bat egin beharra mahaigaineratu zuen, atzoko batzarrean, herriko merkatari batek. Jose Luis Navarro alkateak erantzun zion, galdeketa hori egiteko beharra ikusi ezkero, sinadura bilketa bat egin eta udalean eskaria egiteko aukera badutela.

70 lagun inguru batu ziren Errota kultur etxeko aurkezpenera, eta udalerriaren hirigintzako plangintza enpresa jakin batzuen eskariari erantzuteko helburuagaz aldatzeagaz oso kritiko agertu ziren hainbat. "Argi dago enpresa horien interesa dela lursail horren kalifikazioa aldatzea, baina udalak aztertu beharko luke proiektu honek abadiñarren bizi kalitatean zer ondorio eragingo duen", esan zuen beste herritar batek. Herriko merkatari txikiei eragingo dizkien kalteez gain, komertzioa herriaren periferiara eramateak mugikortasunean dituen ondorioez pentsatu beharra dagoela ere azpimarratu zuen herritar horrek.

Udala Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berrikusteko prozesuan dabilen bitartean, Arau Subsidiarioetan horrelako aldaketa bat proposatzea ez zuten begi onez ikusi aurkezpenera joandako hainbat herritarrek. Jose Luis Navarro alkateak erantzun zien, enpresek beraien proiektuak gauzatzeko presa dutelako proposatu duela bere taldeak Abadiñoko Arau Subsidiarioen aldaketa hori: "Hiri Antolamendurako Plan Orokorra behin betiko onartu arte urteak pasako dira, eta aldaketa honek epeak laburtzea ahalbidetuko digu".

Atzoko aurkezpenean udaleko teknikariek azaldu zuten Muruetako lursailaren izendapena aldatzeko proposamenari euren ezezkoa adierazi zieten bertaratutako herritar gehienek, "ez" zioten kartelak altxatuz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!