San Prudentzio jaiak 2016

Jon Peli Larruskain omenduko dute Traña-Matienako jaien lehenengo egunean

Anboto 2016ko api. 22a, 14:00

Apirilaren 27ko eguaztenean, 20:00etan, San Prudentzio jaietako Donien Atxa altxatzeko ekitaldiaren ostean egingo diote omenaldia jai batzordeko kide izandako Jon Peli Larruskaini: jaien oroigarri bat emango diote haren senitarteko bati. Ustekabe fanfarrea arituko da giroa alaitzen. Bestalde, dantza saioa eta urteko lagun ospetsua saritzeko ekitaldia ere egingo dute. Aurretik, 18:00etan, koadrila guztiak Trañako zubian bilduko dira Donien Atxa ekartzeko.

Eguenean, apirilak 28, San Prudentzio eguna ospatuko dute, umeen eguna. 12:00etan meza nagusia izango da. Bestalde, gaztetxoentzat jolasak izango dira goizez eta arratsaldez, Galizia plazan. Ekitaldien artean jokoak eta gymkhanak egongo dira, eta, eguna bukatzeko, euskal zumba, Xaiborren eskutik.

Bariku goizean, 11-14 urte bitarteko umeentzat antolatutako giza futbolina izango da, goizez eta arratsaldez. 19:00etan, futbito txapelketaren finala jokatuko da, Traña-Matienako kiroldegian. 20:30etan, Geu Be taldearen eskutik, txupinazoa jaurtiko da txosnagunean. Gauean, jai batzordeak antolatutako parrilladaren ostean, Akerbeltz taldeak joko du, Traña plazan.

Zapatua, hilaren 30a, mozorro eguna izango da. Eguerdian, jai batzordeak antolatuta, herri bazkaria egongo da. Arratsaldean, koadrilen arteko jokoen ostean, mozorro kalejiraren txanda helduko da, Bizkarra fanfarreak alaituta. 21:00etan, mozorro txapelketaren sari banaketari ekingo diote, Traña plazan. 22:00etan, Banarte antzerki taldeak Dudas razonables antzezlana eskainiko du. Gauean, su artifizialen txanda helduko da, geltokiaren ondoan. Egunari amaiera emateko, kontzertuak izango dira, Traña plazan. Hamaika ikusteko jaioak, Hoax Attack eta Zarpazo a Cicatriz igoko dira oholtza gainera.

Maiatzaren 1ean, domekan, goizetik txahal bat erreko dute Geu Be taldekoek. Txanbolin taldeko txistulariak kalejiran ibiliko dira, eta eguerdian, nekazarien azoka eta herri kirolak egongo dira.   Arratsaldean, mosu margoketa tailerra izango dute Kultur Etxean. 17:00etan, San Prudentzio pilota txapelketaren finala jokatuko da.

Bi asteburuetan ekintzak
Aurtengo jaiak nobedadez beteta datoz. Musika arloan, adibidez, ska eta reggae jaialdia da berrikuntzetako bat. Era berean, maiatzaren 1erako, auzoko gazteek lehenengoz antolatuko dute Gazte Eguna.

Azoka eta herri kirolak
Jaietako bigarren asteak barikuan ekingo dio, maiatzaren 6an, hain zuzen. Arratsaldean, Txiki merienda, Oliver magoa eta jolasak izango dituzte gaztetxoenek. Frontenis txapelketaren finala eta Bertso saioak ere izango dira, iluntzean. Gauean, Luhartz taldeak erromeria eskainiko du, Traña plazan.

Zapatuan, Gazte Eguna ospatuko da. Goizean, paella txapelketaren txanda helduko da. Kickboxingeko openak eta Iluntze taldearen dantza ekitaldiak beteko dituzte goizeko ekintzak. 14:00etan, txupinazoa eta herri bazkaria izango dira, Traña plazan, bertako gazteek antolatuta. Arratsaldean, eskulan tailerrak, ugasixo txapelketa, kickboxingeko openaren jarraipena eta Gazte Eguneko jokoak izango dira. Tortilla txapelketa ere arratsaldean izango da. Aurten ere, poney gainean ibiltzeko aukera izango dute gaztetxoek, merkatu plazan. Elektrotxarangak giroa alaituko du ilundu baino lehen. Gauean, su artifizialak, Danny Meip, Onda Futura eta Ze Esatek-en kontzertuak eta playbacka izango dira.

Maiatzaren 8a, igandea, festen azken eguna izango da. Goiza ludoteka, xake erakusketa eta pintxo dastaketarekin hasiko da. Jaizalek eta Done Zezili abesbatzak kontzertua eskainiko dute jubilatuen bazkariaren aurretik. Ondoren, mus txapelketa eta jaialdia egongo da, plazan. Jaien amaiera 20:00etan helduko da, Donien Atxa kenduta.

Hainbat auzotar batu ziren iaz Donien-Atxa altxatzeko ekitaldian.

Fanfarreak alaituko du jaiei hasiera ofiziala ematen dien ekitaldia.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!