Matienako jai batzordeko erabakiak ez errespetatzea leporatu diote Navarrori

Anboto 2016ko api. 14a, 16:16

Matienako jai batzordeko kide batzuek gutun batean salatu dutenez, batzordeak gehiengoz su artifizialak ez egotea bozkatu zuen. Hala ere, Jose Luis Navarro alkateak "bere kabuz eta izkutuan" suak mantentzea erabaki duela kritikatu dute.

Matienako jai batzordeko hainbat kideren salaketa:

"Idatzi honen bidez, Abadiñoko udal gobernuak jai batzordearekiko duen jarrera salatu nahi dugu. Jai batzorde bati buruz berba egiten dugunean, herritarren elkarte bat imaginatzen dugu, bertan, bere kideek euren herriko jaiak zelan antolatu erabakitzen dutelarik. Matienan hau teoria hutsa da. Matienako jai batzordeko kideak astelehenero batzen gara gure auzoko jaiak antolatzeko, hainbat aste ematen ditugu lanean egitaraua itxita egon arte. Kontua da, egitaraua itxi ostean, batzarrak amaitzen direnean, paperezko edizioa imprimaturik heltzen zaigunean, egitarauan aldaketak agertzen direla magia izango balitz bezala.

Nabarmentzeko aldaketetako bat su arfizialena da, izan ere, ekitaldi oso garestia da gure aurrekontuarekin alderatuta (3.500€ inguru gau bakoitza). Aurreko urtean adibidez, su artifizial gau bat egotea erabaki zen, eta egitaraua paper edizioan heltzerakoan bi su artifizial gau egongo omen zirela jartzen zuen. Bueltaka ibili ginen gure jaiak aurrekontu barruan sartzeko, eta bapatean 3.500€ko gastu extra bat agertu zen. Arazo honi aurre egiteko, aurten, udaletxeko partidu bakoitzeko zinegotziek, jai batzordean erabakiak hartzeko sistema bat adostu zuten eta jai batzordeko lehen batzarrean aurkeztu zuten, jai ostean txarto ulertuak saihesteko asmoz. Erabaki guztiak bozkaketa bidez erabakiko ziren, ezer ez zen airean geratuko, dena argi eta garbi.

Batzarrak hasi ziren eta horreetako baten, jai batzodeko kide batzuk su artifizialik ez egotea proposatu zuten. Aurrekontua murritza zela, gastu handiegia dala eta su artifizialen diru horrekin ekitaldi pillo bat antolatu ahalko zirela argudiatuz. Bozkaketa egitea erabaki zen, eta gehiengoak su artifizialak EZ egotearen alde bozkatu zuen.

Batzarrek jarraitu egin dute egitaraua itxi dogun arte. Hala ere, gure sorpresarako, aurten ere jaietan su artifizialak egongo omen dira, bi egunetan. Erabakia Jose Luis Navarro alkateak hartu du bere kabuz, izkutuan, jai batzordeko kideon egunetako lanari eta erabakiei inolako errespeturik izan gabe. Kanpoko inposaketa honen aurrean, Inma Zapardiez (AI), jaietako batzorde buruari, adostutakoa bete ez izanaren arrazoia galdetzerakoan, ez da gai izan inolako erantzunik emateko.

Idatzi honekin bat egiten dugun partaideok ez gaude prest, jai batzordean baldintza hauetan lan egiteko, eta udal gobernuari exijitzen diogu herritarron lanarekiko errespetu falta gehiagorik ez izatea."

 

Jose Luis Navarro alkatearen erantzuna:

Jai Batzordeko hainbat kidek sinatu duten gutuneko kritikari buruzko iritzia galdetu dio ANBOTOk Jose Luis Navarro alkateari. Honakoa erantzun du: "Jai Batzordearen erabakia ez zen izan su artifizialak ez zituztenik nahi, baizik garestiegiak direla daukagun aurrekontuagaz alderatuta. Uste dut jaietan su artifizialak egon behar direla, eta nire erabakia izan da bilatuko nuela jaietako ekintza hori finantzatzeko modua. Edozelan ere, ez dut hasi orduko jaiak hondatzerik nahi, eta jaien ostean egingo dut balorazio zabalagoa".

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!