"Udalen finantzaketa justuagoa" eskatu du Abadiñoko Udalak

Anboto 2016ko api. 1a, 13:00

Abadiñoko Independienteak alderdiak proposatuta, eta EH Bilduren babesagaz, atera zen aurrera, martitzeneko batzarrean, "Bizkaiko udalentzat finantzaketa justuago bat" eskatzen duen mozioa. EAJk ez zuen eskariagaz bat egin, eta kontrako bozka eman zuen.

Mozioa onartuta, zerga-bilketaren aurreikuspenak egiteko darabiltzaten irizpideak berraztertu ditzatela eta "banaketa bidezkoago bat" bultzatu dezatela eskatu die Abadiñoko Udalak EUDELi, Bizkaiko Aldundiari eta Batzar Nagusiei eta Lurralde Finantzaketa Kontseiluari.

Jose Luis Navarro alkateak udalbatzarrean azpimarratu zuen, "aurreikusitakoa baino %9,3 gutxiago" bildu zuela Ogasunak, iaz, eta Bizkaiko udalerrientzat karga handia dela Udalkutxari bueltatu beharreko diru-kopurua. Abadiñoko Udalaren kasuan, Udalkutxari bueltatu beharreko kopurua 400.000 eurokoa dela nabarmendu zuen Navarrok.

Bizkaian "lehen eta bigarren mailako biztanleak" daudela salatzen da Abadiñoko Udalak onarturiko idatzian. Alkateak esan zuen, ulertzen dutela desindustrializazio garaian, eta Bilbok behar zuen berregituratzeari lotuta, hiriburuak gainontzeko herriek baino diru gehiago jasotzea zergen birbanaketatik. Gaur egun, hiriburuak eta herriek jasotzen dutenaren artean horren alde handia egotea ez dela onargarria adierazi zuen Jose Luis Navarrok.

Fiskalitatea berraztertzeko beharra

Abadiñoko Independienteen eskariagaz bat egin zuen EH Bilduk, eta esan zuen koalizioak hainbat erakundetan egin dituela proposamenak norabide horretan. Udalkutxari bueltatu behar dioten diru-kopurua hain handia izateak udalen jardunean kalte nabarmenak eragiten dituela azpimarratu zuten Navarrok eta Urrutiak. "Euren burua kudeaketa onaren adibidetzat ipini ohi duten jeltzaleek ordua dute Aldundian diru-kontu errealistak egiten hasteko", esan zuen Urrutiak. Fiskalitatea, bere osotasunean, berraztertu eta birplanteatzeko beharra dagoela azpimarratu zuen EH Bilduren bozeroaleak, "zergak zelan jaso eta zelan banatu behar genituzkeen erabakitzeko".

Eneko Etxebarria jeltzaleak erantzun zuen, aurreikuspenekin hanka sartzea ez dela Bizkaiko Aldundiko gobernuan dagoen EAJren arazoa bakarrik izan, "mundu guztiak" egin dituela "aurreikuspen okerrak krisi ekonomikoan bizi izan garen urteetan". Gezurtatu egin zuen, mozioan esaten den bezala, "Bizkaian lehen eta bigarren mailako biztanleak" daudenik, eta "mozioaren muinagaz ados egon arren, formak ez zaizkigulako gustatu" bozkatu dutela kontra.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!