Alkateak Txanportako zuhaitzetik emakumeek egindako kakorratz-lana kentzeko agindua ematea kritikatu dute

Anboto 2016ko mar. 21a, 16:54

Herriko hainbat emakumek martxoaren 8rako egin zuten gantxilozko manta Txanporta plazako zuhaitzetik kendu dutela jakitera eman du Abadiñoko Gaztetxeak. CESPA enpresak Jose Luis Navarro alkatearen aginduz Gaztetxeko Kakorratz ikastaroan, "mimo handiz", jositako manta koloretsua kendu izana kritikatu dute. "Gantxilloa jar dezatela Gaztetxean", dio Navarrok.

Gaztetxeko kideek gogoratu dutenez 20 emakumek parte hartu zuten manta hori sortzeko prozesuan. "5 urteko neskatila da ikastaroan gazteena eta 60 bat urtekoa zaharrena, ahalduntze lana batzuentzako eta ondo pasatuz gauza berriak ikasteko aukera besteentzako".

Beraz, gaztetxeko ordezkariak alkatearen aginduarekin ez datoz bat. "Lan hori gutxietsi eta zuhaitzetik kenduarazi duenak ezer gutxi ulertzen du berdintasunean eman beharreko pausuen inguruan".

Navarro alkateak azaldu duenez, manta hori astebete arbola horretan egoten utzi du udalak, "martxoaren 8ko ekitaldiekin lotutako zerbait " delako. "Kakorratz-lana jar dezatela Gaztetxean", dio Navarrok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!