Seigarren egunez Abadiñon desagertutako emakumearen bila jarraitzen dute

Anboto 2016ko mar. 13a, 10:00
Desagertutako emakumea bilatzeko laguntza eskatu dute.

Seigarren egunez eguaztenean Abadiñon (Traña-Matienan) desagertu zen emakumearen bila jarraitzen dute. Urpekaritza taldea eta helikopteroa Abadiñon desagertutako emakumearen bila dabiltza, besteak beste.

 

Eguazten gauetik 70 urteko emakume baten bila dabiltza Abadiñon. Aurreko egunetan bilaketa lanetan aritu zen dispositiboak ez du emaitzarik eman eta gaur berriro ekin diote bilaketari.

Azken egunetan, batez ere, Ibaizabal errekan eta bere ibilguan zentratu dituzte ahaleginak Ertzaintzako urpekaritza unitateko adituekin. Izan ere, "bilaketa errekan egitera bideratzen gaituzten zantzuak izan ditzakegu", Ertzaintzako iturrien esanetan. Ertzaintzako helikopteroak airetik laguntzen ari da.  Horrekin batera, Durango, Zornotza, Lemoa, Galdakao, Basauri eta Bilboko udaltzaingoari abisua emana diete erreka inguruak zaindu ditzaten. Eusko Jaurlaritzako larrialdietako harreta zuzendaritzako teknikari batek koordinatzen du bilaketa taldea.

SOS Deiak-ek herritarren laguntza eskatu du bilaketan .Pistaren bat izanez gero 112 telefonora deitzeko eskatu dute.

Abadiñoko Udalak zabaldutako datuen arabera E.B.Z. dira desagertutako emakumearen izen-abizenen inizialak. 1.55 metroko garaiera du, beltzarana da eta azkeneko aldiz Montorretan ikusi zuten martxoaren 9ko 15:00etan. Desagertu zenean, ustez arropa hauekin zihoan: praka beltzak, jaka gorria eta zapatilla beltzak. Inork ikusi badu eta zerbait badaki telefono bi hauetako batera deitzeko eskatu dute: 94 621 55 33 edo 112.

Desagertutako emakumearen argazkia: (Iturria: @112_SOSDeiak)

Erreskate lanetan jarraitzen dute. (Iturria: @112_SOSDeiak)

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!