Traña-Matienako kale garbiketarako kontratua beste urtebetez, CESPA enpresari

Anboto 2016ko ots. 24a, 10:56

Gobernu taldeko Abadiñoko Independienteak eta EAJko zinegotziek bozkatu zuten Traña-Matienako kale garbiketa kontratua beste urtebetez luzatzearen alde. Kontrako bozka eman zuen Bilduk, eta gaia eztabaidagai izan zuten atzoko osoko bilkuran.

Jose Luis Navarro alkateak gogora ekarri zuen, hasiera batean lau urterako lotu zutela CESPA enpresagaz Traña-Matienako kale garbiketaren zerbitzua, eta iaz urtebeterako luzapena ere eman ziotela. Martxoa da urtebeteko luzapen horren epemuga, baina alkateak esan zuenez, "zerbitzuaren lehiaketa publikoaren deialdia egin ahal izateko baldintza orria ezin izango dugu martxorako prest eduki, eta horregatik proposatzen dugu urtebeteko prorroga hori".

Udal zerbitzuak azpikontratatzeko gobernu taldeak daukan joera kritikatu zuen, EH Bilduk. Pribatizatzeak, besteak beste, "udalak zerbitzua zuzenean kudeatzeko ahalmena galtzea, eta langileen lan baldintzak eta eskubide laboralak okertzea" dakarrela azpimarratu zuen Mikel Urrutia EH Bilduko bozeroaleak. Bestalde, Udalak eta udaleko langileen ordezkariek adostu zuten hitzarmenak azpikontratazioa murrizten joateko konpromezua jasotzen duela ere gogora ekarri zuen, eta gobernu taldea kontrako bidetik doala esan zuen.

"Ulertzen dut zerbitzuen publikotasunari eta pribatizazioari buruz filosofia desberdinak izan ditzakegula, baina ez da egia udal zerbitzuak azpikontratatzeak langileen baldintzak okertzen dituela", erantzun zuen Jose Luis Navarro alkateak. Bestalde, udaleko langileekin adosturiko hitzarmenak jasotzen duen bezala, "ahal den neurrian" azpikontratazioak murrizten joango direla adierazi zuen.

Herri osoaren garbiketa pribatizatzeko aukera

Aldi berean, baina, udal gobernu taldea herri osoaren garbiketa enpresa bati esleitzeko aukera aztertzen dabilela aurreratu zuen Jose Luis Navarro alkateak, atzoko osoko bilkuran. Kale garbiketa zerbitzuaren esleipena egiteko baldintza orria zehaztuko dute datozen hileetan, eta herri osoaren garbiketa zerbitzua enpresa bati esleitzeko proposamena mahaigaineratuko du gobernu taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!