Jose Luis Navarro: “Ez dago aterpea jausteko arriskurik”

Anboto 2016ko ots. 4a, 13:25

EH Bilduk, asteon, Zelaietako eskolako aterpearen segurtasuna zalantzan ipintzen duten txosten teknikoak publiko egin eta gero adierazi du Jose Luis Navarro alkateak, ez dagoela "aterpea jausteko ezelako arriskurik". Azpimarratu duenez, EH Bilduk aipatzen dituen txostenek ere, balizko elurte handi baten kasuan baino ez dute arriskua ikusten. Elurte handirik izan ezean, aterpea erabiltzeko ezelako arazorik ez dagoela dio Navarrok.

Bestetik, EH Bilduk egotzi dion “informazio ezkutatzerik” ez dela gertatu ere esan du Jose Luis Abadiñoko alkateak. “Eskolako obraren eraikitzaileagaz zeuden arazoen berri udaleko batzordeetan jaso dute”. Navarroren berbetan, informazioa zabaltzeko beharrik ez dute ikusi, bere ustez hori egiteak “alarma” sortzeko baino ez bailuke balioko.

Abadiñoko alkateak esan duenez, EH Bilduk gaia plazaratu duen momentuan, obra amaierako ziurtagiria eman ez duen enpresari espedientea zabaltzeko prozesuan zegoen Abadiñoko Udala. Aterpearen segurtasunaren inguruko beste txosten tekniko bat eskatuko duela ere aurreratu du alkateak, eta, horren arabera erabakiak hartu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!