San Blas jaiak 2016

Laneguna izateko, jende asko ibili da San Blasetan, alkateak esan duenez

Anboto 2016ko ots. 4a, 10:54

Udaleko gobernu taldeak azpimarratu duenez, San Blas lanegunean izan den beste urte batzuetan baino jende gehiago ibili da, aurten. Bisitari kopuruagaz “oso pozik” daudela azpimarratu du Navarro alkateak.

Eguna eguraldi bustiagaz hasi zen arren, eta egun osoan zehar ere tarteka euria egin zuen arren, jende askok ez du aurten ere kale egin, eta ehundaka lagun hurreratu ziren Zelaietako nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza azokan erosketak egin, eta Abadiñon egunpasa egitera.

Udaleko gobernu taldeak azpimarratu duenez, San Blas lanegunean izan den beste urte batzuetan baino jende gehiago ibili da, aurten. Jose Luis Navarro alkatearen berbetan, “goizeko zaparraden ondoren jende gutxiago etorriko zela uste genuen, baina ez da horrela izan”. Bisitari kopuruagaz “oso pozik” daudela azpimarratu du Navarro alkateak.

Ehundik gora izan dira San Blas eguneko nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza azokan prestatu dituzten erakusmahaiak, eta ganadu onenaren lehiaketa ere berreskuratu dute, gainera, aurten. Lau sari banatu dituzte; Karlos Ibarrondok jaso du abere sorta onenaren saria, Ibon Lasuenek behi onenarena, eta Aitor Bilbaok zezen eta txahal onenarenak.

Eguaztena Abadiñoko San Blasetan igaro zutenek, egitarau zabala izan zuten aukera, azokako ehunka postuetan erosketak egin osterako ere. Goizean, bertsolariak eta herri kirolak izan ziren, esaterako. Izeta II.a eta IV.a aita-seme harri-jasotzaileek errekorra hautsi zuten, San Blas eguneko erakustaldian: beso bakarragaz, 124 aldiz altxatu dute 100 kiloko kopa zilindrikoa, 10 minutuko jasoaldia, biak txandaka arituta.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!