Ondoren, epaimahai gaitu batek erabakiko du zein argazkik islatzen duen ondoen San Blas jaietako esentzia. Sari banaketa otsailaren 19an egingo dute, 19:00etan, Errota kultur etxean.
Erakusketan ikusgai
Lehiaketara aurkeztutako argazkien artean, epaimahaiak sorta bat aukeratuko du erakusketa bat egiteko otsailaren 19tik martxoaren 4ra bitartean, Errotan.
Iazko irabazleak
Saltzaile batek bezero bati euskal pastel txatal bat dastatzeko ematen zion unea erakusten zuen argazkiak irabazi zuen, iaz, San Blas jaietako argazki lehiaketako sari nagusia: 400 euro. Horrela, Carlos de Cos soraluzetarrak jaso zuen, bigarren urtez, San Blas eguneko argazki lehiaketako lehenengo saria.
Aitor Gonzalezek jaso zuen bigarren saria (250 euro), eta Eneke Larrakoetxeak herriko partaide batek egindako argazkirik onenarena (150 euro). Abadiñoko Udalak jakinarazi zuenez, 44 argazki aurkeztu zituzten lehiaketara. Epaimahaikideek esan zutenez, aurkezturiko argazkien kalitatea aurreko urteetakoa baino handiagoa izan zen. Aurten ere, hiru sari horiek mantendu egingo dituzte antolatzaileek. Gogoratu dute lehiakide batek ezingo duela sari bat baino gehiago jaso.