Jose Luis Navarro alkateak aurkezpen horretan azpimarratu duenez, nekazari eta abeltzain onenak saritzeko lehiaketa berreskuratuko dute San Blasetan, aurten. Aurrekontu murrizketak direla-eta, azken bi urteetan ez dute sariketarik antolatu.
Parte hartuko duten abeltzainek martitzenera arte izena emateko aukera duten arren, ganadu erakusketa eta salmentarako izen-ematea iaz baino hobeto doala aurreratu du alkateak: San Blas eguneko azokan 250 abelburu biltzea espero dutela.
Zelaietako sei gunetan ipiniko dituzte Udalak eta Kutxabank-ek babesten duten nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza azokaren postuak, eta, urtero bezala, egun-pasan doazenei jan-edana eskaintzeko, txosnagunea eta bestelako produktuak saltzeko gunea ere atonduko dituzte.
Azokarako, euren ortu eta sukaldeetako produkturik onenak eta abelburu zainduenak ekarriko dituzte inguruko herrietako nekazari eta abeltzainek, San Blasetara: baserritarren 88 saltoki, tresneria saltzeko 23 postu, eta erroskila saltzaileen 19 mahai atonduko dituzte, besteak beste.
Gaurko agerraldian azaldu dutenez, bestalde, 32 artisauren lanak ere izango du lekua, Abadiñon, San Blas eguneko azokan. Txanporta plazan atonduko dituzte euren erakusmahaiak Arbaso elkarteko 26 artisauk, eta Tornosolo kalean ipiniko dituzten euren lanak ikusgai eta salmentan, Abadiñoko 6 eskulangilek.