Ibilbide luzea edo laburra
Antolatzaileek 19 kilometroko ibilbidea prestatu dute. Hala ere, gura dutenek ibilbidea laburtzeko aukera izango dute. Gainera, aholkatu dutenez, basoan ibiltzeko aproposak diren arropak eta oinetakoak eramatea gomendatu dute. Ibilbide luzea ondorengoa izango da: Gerediagako baseliza, Traña-Matiena, Gaztelua (Sakone, Burgieta), Zelaieta (Kanposantua), Fundizioa (San Bizente), Mendilibar, Untzilla, Larringan, Atxarte, Sagastako bidegurutzea (Artola lepoa), Sagasta, Goxentzia, Andra Mari ermita, Muntsaratz eta Txanporta.
Ibilbidearen berrikuntza moduan, aurten, Artolako lepotik lehenengoz pasatuko dira ibiltariak. Antolatzaileek joan zen domekan ibilbidea osatu zuten, eta bidea “egoera onean” dagoela ziurtatu dute.
Ibilbidearen amaieran, eguerdiko 13:15ean, Txanporta plazan biltzea aurreikusi dute. Izan ere, ibilaldiaren amaieran, parte-hartzaileek merezitako luntxa gertu izango dute. Gainera, trikitilariek plazako giroa alaituko dute.
Antolatzaileek azaldu dutenez, luntxean zehar, parte-harzaileen artean hainbat produkturen zozketa egingo dute.
Eguraldi aurreikuspen ona
Auzorik Auzoren parte-hartzea eguraldiaren menpe egoten da, urtero-urtero. Aste osoan aurreikuspenei begira egoten dira antolatzaileak. Zorionez, domekarako eguraldi ona agindu dute adituek. Beraz, oraingoan, Hamabi Harrikoek lasaitu ederra hartu dute. Kepa Bengoa elkarteko kideak ibilaldiaren lehenengo edizioa ekarri du gogora, orain hamaika urte eginikoa. Izan ere, lehenengo urtean, Auzorik Auzoren bezperan elurtza bota zuen. Ibilaldiaren egunean eguzkia irten zen arren, Sagastan behera errepidea izoztuta zegoen. Hala ere, parte-hartze handia izan zen. Iaz, berriz, eguraldi txarraren ondorioz, ekitaldia bertan behera uztekotan izan zirela aitortu du Bengoak. Hala ere, azken momentuan, aurrera egitea erabaki zuten.