A-8ko bidesariaren auzia

A8ko bidesarien inguruan, bi mozio, eta hiru jarrera

Anboto 2016ko urt. 27a, 12:00

A8ko bidesariaren inguruko bi mozio eztabaidatu zituzten, Abadiñoko Udalean, atzo. EAJk aurkeztu zuen idatzietako bat, eta bidesarien aurka osatu den plataformak beste bat. Jeltzaleek aurkezturiko idatziak alderdi horretako bi ordezkarien aldeko bozka jaso zuen, eta Bilduko lau zinegotziena, plataformak aurkezturikoak. Abstenitu egin ziren, kasu bietan, Abadiñoko Independienteak.

"Durangaldeko ohiko erabiltzaileentzat peajeak suposatzen duen gastua arintzeko, hobariak aplikatzea edo bide alternatiboak hobetuz egoera konpontzea" eskatu zuten Abadiñoko jeltzaleek euren mozioan. EAJren ordezkari bien aldeko bozka jaso zuen mozio horrek, abstenitu egin ziren Abadiñoko Independienteak, eta kontra bozkatu zuen EH Bilduk.

Abadiñoko EAJk eskaria luzatzen dion Bizkako Aldundiaren gobernuan alderdi horixe dagoela-eta, "joko zikina" egitea egotzi zion Mikel Urrutia EH Bilduko zinegotziak EAJri. "Adar-jotzea deritzogu EAJk EAJren kudeaketagatik kezka agertzea", esan zuen.

A8ko bidesarien aurka herritar talde batek osatu den plataformak aurkezturiko idatziaren aldeko bozka eman zuen, atzoko udalbatzarrean, EH Bilduk. "Azpiegitura horren finantzazioa ez dadila egin Durangaldeko eta Lea-Artibaiko biztanleak diskriminatuko dituen sistema baten bidez" eskatzen du plataformaren idatziak. Mikel Urrutia zinegotziak azaldu zuenez, hileko gehienezko kuota bat ipintzea da EH Bilduren proposamena. Bigarren mozio horren inguruko bozketan, abstenitu egin EAJ zein Abadiñoko Independienteak ere.

Abadiñoko Independienteak alderdiko Jose Luis Navarro alkateak, bestalde, A8aren doakotasuna "eskualdean aspaldiko kontua" dela azpimarratu zuen. Gogora ekarri zuen, orain hamar urte, "Durangaldeko peajeak kentzea" eskatzen zuen mozioa onartu, eta Bizkaiko Aldundira helarazi zuela Abadiñoko Udalak. Doakotasunaren ideia defendatu zuen Jose Luis Navarrok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!