Ikastaro eskaintza zabala luzatu du Astinddu aisialdi taldeak, 2016rako

Anboto 2015ko abe. 16a, 11:08

Abenduaren 29ra arte eman daiteke izena gaztetxean sortu duten Astinddu aisialdi taldeak antolatu dituen ikastaroetan parte hartzeko. Gaztetxean bertan zein abagaztetxie@gmail.com helbidera idatzita eman daiteke izena.

Etxeko txapuzak, ortugintza, argazkigintza, sukaldaritza beganoa, kakorratza, soinu teknikaritza, Photoshop,  eta Tai Ji Quan arte martzialak ikasteko aukera eskainiko dute, besteak beste, Abadiñoko eta inguruko herrietako irakasleen eskutik. Taldeko kideek azaldu dutenez, ikastaroetako batzuk herritarrek proposatutakoak dira: herrian zehar buzoiak ipini zituzten Astinddukoek ideiak jasotzeko.

Zortzi lagun dabiltza Astiddu taldearen inguruan, eta euretariko laugaz elkartu da ANBOTO. Gaztetxeko asanbladako kideak dira batzuk, eta duela urte batzuk gaztetxearen inguruan ibilitakoak kideak ere badaude taldean. “Autogestioaren ideia aisialdian ere aplikatzea” dutela helburu azaldu dute: “Guk sorturiko ekimenen bitartez ez bada, Abadiñon ez baitago aukera asko herritarren arteko harremanak sortu eta estutzeko".

Bestelako ekintzak
Ikastaroez gainera, bestelako hainbat ekintza berri ere ipini dituzte martxan Abadiñoko gaztetxean. Filmafariti deitzen duten ekimena egiten dute, esaterako, hileko lehen eguztenean; afaritarako eta ondoren film bat elkarregaz ikusteko biltzen dira, Gaztetxean. Berbaldiak, mendi irteerak, eta kontzertuak ere izan dituzte azaroan eta abenduan, eta urtarrilaren 5erako Dirurik gabeko azoka prestatzen dabiltza.

"Abadiño herri biziago bat izan dadin laguntzea da gura duguna", diote Astinddu aisialdi taldekoek. Azaldu dutenez, gora-behera askoko sasoiaren ostean, Abadiñoko Gaztetxeko Asanblada berriro martxan ipintzeko deialdi zabala luzatu zuten udan, eta belaunaldi desberdinetako dozena bat lagunek erantzun zuten. Ikasturte hasieran, Astinddu bezala, Itaidxe gaztetxeko ortuen taldea ere sortu da Abadiñoko Gaztetxetik. "Jendeak dauzkan ilusio desberdinek Gaztetxean lekua dutela erakusten du horrek".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!