Azaldu dutenez, abenduaren 28an, 29an eta 30n, eta urtarrilaren 2an, 3an, eta 4an, 11:30etatik 13:30etara, eta 16:00etatik 20:00etara egongo da zabalik izotz pista hori.
Ima Zapardiez Gazteria arloko zinegotziak azpimarratu du, orain arte, Udalak Gabonetarako antolatu izan dituen ekintzak umeei begirakoak izan direla, eta gazteentzat ez dela eskaintzarik egin izan. Zapardiezen berbetan, gainera, azken urteetan ohartu dira gazte abadiñarrak Durangora joan izan direla Gabonetan izotz pistara, eta zerbitzu hori Abadiñon eskaintzea erabaki dute.
Prentsa oharrean azaldu dutenez, izotz pistan ibiltzeko "sarrera sinboliko bat" ordaindu beharko da, baina udalak gazteentzat antolatzen dituen aisialdi ekintzetan parte hartzen duten gazteek gutxiago ordainduko dute.