Antonio Serrano Ogasun arloko zinegotziak martitzeneko udalbatzarrean azpimarratu zuenez, "KPIan aldakuntza nabarmenik ez dagoenez, tasa eta zerga gehienen zenbatekoa zegoenean" utziko dituzte, orokorrean, "herritarren gaineko zerga-zama bere horretan mantenduz".
Serranok azaldu zuenez, ordenantza horretan, badaude, baina, salbuespen batzuk ere: gutxien kutsatzen duten autoen jabeek hobariak izango dituzte, eta aldiz, %5 eta %10 arteko igoera aplikatuko diete luxuzko autoei. Bestalde, Serranok jakitera eman zuenez, jardun ekonomikoen gaineko zergan mailakatze berria ezarri dute, 2016 urteari begira.
Gobernu taldearen ordenantza fiskalen proposamenaren aurrean abstenitu egin zen EH Bildu. "Urri amaieran, azkar batean, aldaketa puntualak egin barik, udalaren zerga eta tasak orokorki begiratuta aztertu" behar litzatekeela azpimarratu zuen Mikel Urrutia zinegotziak. Gobernu taldeak azterketa sakon bat egiteko borondaterik ez daukala kritikatu zuen Urrutiak.
Serranok erantzun zion, oposizioan zegoenetik "urtero-urtero ordenantza fiskalak hobetzen" saiatu dela Abadiñoko Independienteak taldea, eta EH Bilduk datozen urtekoei begira proposamenik badauka, gogotsu hartuko dituela udal gobernuak.