Hiru atxilotu Abadiñon semaforo bateko bateria osteagatik

Anboto 2015ko ira. 24a, 14:25

Bide segurtasunaren kontrako delitua egozten diete.

Bart, 23:30 inguruan, Kanpazar mendate gaineko obretan errepideko trafikoa erregulatzen duen semaforo baten bateria ostu zuten hiru lagunek. “Arrisku bereziko” tartea dela dio Ertzaintzak. Lapurreta ikusi zuen lagun batek ertzainei abisua eman zien eta auto biak deskribatu zizkien.

Ertzaintzaren hainbat patruila-auto susmagarrien bila hasi ziren eta lekukoak deskribatutako auto biak Abadiñon aurkitu zituzten. Ibilgailuetako hiru lagunak identifikatu zituzten: 26, 30 eta 36 urteko gizonezkoak. Autoetako batean ostutako bateria aurkitu zuten eta, bestean, gasoil bidoi bi. Bidoi horien jatorria ikertzen dabil Ertzaintza.

Froga horiekin, hiru susmagarriak atxilotu egin zituzten eta bide segurtasunaren kontrako delitua egozten diete. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!