Abadiñoko Udalaren ikastaroen izen-ematea hasi da

Anboto 2015ko ira. 14a, 16:00

Helduentzako mantentze gimnasia ikastaroan izena eman dezakete, irailaren 18ra arte, 55 urtetik gorako abadiñarrek. Traña-Matienako udal bulegoan eta Zelaietako Mediatekan eman daiteke izena, matrikularen 20 euroko prezioa ordainduta. Astelehen eta eguaztenetako (09:00etatik 10:00etara) edo martitzen eta eguenetako (09:00etatik 10:00etara, 15:00etatik 16:00etara, edo 16:00etatik 17:00etara) taldeetan eman ahalko dute parte-hartzaileek izena.


Udalak jakitera eman duenez, 25 laguneko taldea osatuko dute, eta dauden plazak baino pertsona gehiagok izena eman ezkero, zozketa egingo dute.

Bestetik, Abadiñoko Udalak askotariko gaien inguruan antolatzen dituen bestelako ikastaroetan izena emateko aukera ere badago, irailaren 25era arte, Errota kultur etxean zein Udal Mediatekan. Udalaren webgunean (www.abadiño.org) eskuratu daiteke ikastaroei buruzko informazio guztia.

Hainbat kiroletan aritzeko aukera ezezik, sukaldaritza, argazkigintza digitala, dantza, edota margogintza ikasteko aukera ere eskainiko dute. Errotan egingo dute argazkigintza ikastaroa; margogintza eta yoga, Txanportan; gimnasia aerobikoa probalekuan; eta zoomba, areto dantzak eta batuka, Astolako udal igerilekuetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!