Alkateaz aparte, lanaldi erdiko beste bi liberatu izango ditu Udalak

Anboto 2015ko uzt. 8a, 12:00

Gaur, 09:00etan, egin dute Abadiñoko Udalaren legegintzaldi berriko lehenengo udalbatzarra. Abadiñoko Independienteak eta EAJren aldeko botuekin onartu dute, besteak beste, urtean 57.000 euroko soldata gordina jasoko duen alkatea ezezik, beste bi ordezkari ere lanaldi erdiz liberatzea. Urtean 22.000 euroko soldata gordina jasoko dute ordezkari bi horiek.

Jose Luis Navarro alkateak azpimarratu du, "Abadiñoko moduko herri batek beste liberatu bat behar" zuela. Mikel Urrutia EH Bilduko bozeroaleak erantzun dio, ez dutela ulertzen zer dela eta orain Abadiñok beharrizan hori duen: "Azken legegintzaldian, hain justu, hainbat zerbitzu azpikontratatu, eta lehen udalarenak ziren hainbat lan subkontratu dituenean Abadiñoko Udalak".

Mikel Urrutiak azpimarratu du, bestalde, "herriaren testuinguru sozioekonomikoa kontuan hartuta, liberatuen soldata horiek gehiegizkoak" direla: "Legegintzaldi honetan 200.000 euro bideratuko ditu Abadiñoko Udalak liberatu berri horien soldatetara, eta kopuru hori gutxiago edukiko dugu, beraz, esaterako, gizarte laguntzetara bideratzeko". Soldaten gaiagaz demagogia egitea egotzi dio Jose Luis Navarro alkateak Urrutiari, Navarroren berbetan, "gizarte laguntzarako diru faltarik ez baitugu sekula eduki Abadiñon".

Independienteen eta jeltzaleen adostasuna

Herenegun komunikabideetara bidali zuten prentsa oharrean azaldu zuten gobernu-akordioan jasotzen den bezala, Abadiñoko Independienteak eta EAJ alderdien ordezkariek hartuko dituzte udal batzordeen presidentziak, eta alderdi bi horietako ordezkariak izendatu dituzte, baita, udalaz gaindiko erakundeetan Abadiño ordezkatzeko ere: sei batzorderen ardura AIk izango du, eta birena EAJk; eta udalaz gaindiko bina erakundetan izango du alderdi bakoitzak ordezkaritza. EH Bilduk salatu du, hauteskundeetan 652 bozka lortu zituela EAJk, eta "bi aldiz bozka gehiagogaz" EH Bildu bigarren indarra izan zen arren, ez dituztela aitzat hartu. Eneko Etxebarria bozeroale jeltzaleak erantzun dio, AIk eta EAJk ez dutela inor baztertu gura izan, eta legegintzaldi osoan zehar elkarlanerako prest egongo direla.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!