Domekan, 12:00etan eta 17:00etan, egingo dituzte ekitaldi nagusiak: postontzian plaka ipiniko dute eguerdian, eta 1.915. urtean Anboto gainean, 1.331 metroko altueran, buzoia ipini zuten Bilboko Kirol elkarteko 16 mendizaleak omenduko dituzte, arratsaldean. Europako beste herrialde batzuetako ohitura jarraituz ipini zuten burdinazko buzoia Anboton. Euskal Herriko mendietako lehenengo buzoia izan zen.
Askotariko ekintzak antolatu dituzte, domekan, Urkiolara gerturatzen direnentzako. Goizean, mendi ibilbideak egingo dituzte, parke naturalean zehar, eta bestelako hainbat kirol jarduera egiteko aukera ere eskainiko dute: eskalada egiteko rokodromoa ipiniko dute, eta slackline edo herri kirolak praktikatzeko aukera ere izango da, esaterako.
Umeentzako hainbat jarduera ere egingo dituzte: eskulanak eta ipuin kontalaria, esaterako. Gainera, Indalecio Ojangurenen erakusketa egongo da egun osoan zehar ikusgai, eta Anbotori buruzko berbaldia eskainiko dute, 18:00etan.