Urkiolan ospatuko dute yogaren nazioarteko eguna, domekan

Anboto 2015ko eka. 18a, 12:00
Ricardo Riera eta Oier Estankona yoga irakasleak dabiltza domekako ekintzak antolatzen.

Yogaren nazioarteko eguna ospatzeko saio berezi bat egingo dute, domekan, Urkiolan. Nazio Batuen Erakundeak aurten izendatu du egun hori, ekainak 21, yogaren egun ofiziala, eta mundu guztian ospatuko dira hau bezalako ekintzak.

“Beti egon da espiritualtasun berezi bat Urkiolan”, diote ekimenaren antolatzaileek: “Energia oso bereziko lekua da, oso aproposa honelako ekintza bat egiteko”.

Parte-hartzaileek izena ematean ordaintzen duten dirua, Nepal laguntzera bidaliko dute, Amics del Nepal GKEren bitartez. Izan ere, ekintza hau antolatzen ibili den Oier Estankona Dharananda yoga zentroko irakasleak azpimarratu duenez “yogak eta Nepalek lotura berezia dute, budismoan baitaude yogaren sustraiak”. Gertatu diren lurrikaren ostean, yogaren inguruan dabilen jendea asko solidarizatu da nepaldarrekin.

Edozelan ere, domekan bertan ere egin ahalko da inskripzioa. “Hasiberriei, yoga sekula egin ez dutenei... Interesa duten guztiei zabalik gaude”, dio Estankonak. Arropa erosoa, esterilla bat eta meditaziorako kuxin bat baino ez da behar.

09:00etatik 15:00ak arteko egitaraua burutuko dute domekan Urkiolan. Yoga terapeutikoa eta umeentzakoa, tai-chia, edota kontzertu meditatibo bat ere izango dira, besteak beste.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!