Sanantonioak ospatzeko aukerako hitzorduak, asteburuan, Urkiolan

Anboto 2015ko eka. 13a, 09:00
Bilboko Matsorri abesbatzak (argazkian) eta Urduñako abesbatzak emanaldia eskainiko dute.

Gaurko, San Antonio eguna, eta etziko, Errepetiziño Eguna, egitarau zabala osatu dute Urkiolan. Ohiturazko ekintzak eta hainbat nobedade izango dira Urkiolara gerturatzen direnentzat aukeran, asteburuan. Gaur, 19:00etatik aurrera, esaterako, Bilboko Garaizarko Matsorriak abesbatzak eta Urduñako abesbatzak kontzertua eskainiko dute, Urkiolako santutegian.

Bizkaiko Abesbatzen Elkarteak antolatzen duen Udaberriko Kontzertuen programaren barruko emanaldia izango da, eta eliz musika eta Euskal Herriko zein munduko beste herrialde batzuetako folkloreagaz osaturiko errepertorioa eskainiko dute. Emanaldi horren aurretik, bestetik, Durangoko Txiri Txiri taldekoek dantzarako musika eskainiko dute, 17:30ean hasita, elizaren aurreko plazan.

Goizean goiz abiatuko dute San Antonio jaien egitaraua, gaur: trikitilariak ibiliko dira giroa alaitzen, eta, San Antonio egunean ohitura denez, ganadu eta baserriko produktuen azoka ipiniko dute Urkiolan. Gainera, 10:00etatik 13:00ak arte, orduro, baita 18:00etan ere, meza emango dute. Bilboko gotzainak emango du meza nagusia, eta, horren ostean, Angel Mari Peñagarikano eta Aitor Mendiluzek bertso saioa eskainiko dute.

Errepetiziño egunean ere, etzi, egitarau zabala eskainiko dute Urkiolan. Juan Mari Uriartek emango du meza nagusia, eta Leioako abesbatzak kantatuko du bertan. 13:00etatik aurrera herri kirolak izango dira ikusgai. Bestalde, 12:00etan, ume zein helduentzako bi orduko mendi ibilaldia abiatuko dute. Amaieran, Eusko Label ziurtagiria duten oilaskoak dastatu ahal izango dituzte.

San Antonio jaien asteburu honetarako, gainera, astelehenera arte, Gerediaga Elkarteak 50. urteurrenaren harira antolatu duen Zuri-beltzean klik argazki zaharren erakusketa ibiltaria ipiniko du Urkiolan. Durangaldearen iragana 300 argazkitan erakusten du argazki bilduma horrek.

Autobusa doan
Udalak doako autobusa ipiniko du, gaur zein domekan, Urkiolara joateko; Txanporta plazatik aterako da 09:00etan, 10:00etan eta 11:00etan, eta Traña-Matienan ere egingo du jendea hartzeko geldialdia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!