Udal hauteskundeak 2015

"EAJ nahitaezkoa izan da azken lau urteotan hainbat proiektu gauzatzeko"

Anboto 2015ko mai. 20a, 14:20

Komunikabideetara pretsa oharra bidali du Abadiñoko EAJk. Ohar horretan Eneko Etxebarria zerrendaburuaren berbetan esaten denez, "EAJ funtsezkoa izan da Abadiñon lau urteotan burutu diren hainbat proiektu aurrera ateratzeko".

"Txikikeriak alboratu, eta herriaren garapenerako funtsezkoak direla uste izan dugun proiektuak aurrera ateratzearen alde egin dugu", dio Etxebarria zerrendaburuak. Honako paralelismoagaz azaldu du alderdiaren jarrera: "Guretzat onena aulki berdea bada ere, batere ez edukitzea baino nahiago dugu aulki gorria eduki".

EAJk ohar horretan azaldu du, herritarren ekarpenetan oinarrituriko hauteskunde programa orokorraz gainera, programa berezituak sortu dituztela auzo bakoitzerako: nekazal auzoetan taxi sistema ezartzea jasotzen du, esaterako, programa horrek, edo baita, udalak kudeatuko duen Gazteleku bat zabaltzea ere.

"Ilusio handia sortzen digu proiektu honek, eta inoizko indarrik handiena daukagu", adierazi du Mikel Garaizabal Abadiñoko Uri Buru Batzarreko presidenteak: "Jende berri asko erakarri dugu, ilusi handia eta Abadiñoren ikuspegi berritua daukana".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!