Laubideta ingurua berrurbanizatzeko proiektua aurkeztu du gobernu taldeak

Anboto 2015ko mai. 20a, 11:10
Lehenengo eta behin, saneamendu sarearen azterketa bat egitea jasotzen du proiektuak.

Udalaren webgunean publikatu dute proiektua, uztaila orduko auzotarrek euren ekarpenak egin ditzaten. Laubideta ingurua "oinezkoentzat atseginago" bihurtzea da lanen helburua. Auzoan aparkatzeko espazioa galduko dela iritzita, sinadurak batzen hasi dira.

Berrurbanizazio proiektua aurkeztu du gobernu taldeak, Laubideta ingurua “oinezkoentzat atseginago” bilakatzeko. José Luis Navarro alkatearen ahotik egitasmoaren nondik norakoak entzutera hurreratu ziren 50 auzokide inguru, duela aste bi, Errota kultur etxera.

Lehenengo eta behin, saneamendu sarearen azterketa bat egitea jasotzen du proiektu horrek, ondoren, beharko balitz, hobekuntzak egiteko. Laubideta inguruan galtzada-harrizko zoladura ipintzea ere jasotzen du, eta baita oinezkoek lehentasuna edukiko duten espazio bat sortzea ere. Oinezkoentzako gune hori atontzeko, auzokideek gaur egun erabiltzen dituzten lau-bost aparkaleku kenduko dituztela azaldu du alkateak, baina “ez da aparkatzeko lekurik galduko”, azpimarratu du: “Alderantziz, hogei metrora dozena bat aparkaleku berri atonduko ditugu”.

Udalaren webgunean publikatu dute berrurbanizazio proiektua, eta auzotarrek uztailaren 30era arteko epea izango dute ekarpenen bat edo proposamenen bat egiteko.

Sinadurak biltzen
Proiektuaren eraginez, auzoan aparkatzeko espazioa galduko dela iritzita, sinadurak batzen hasi da auzotar bat. Alkateak esan du ez duela ekimen horren berririk, baina azaldu du “gezurra” dela aparkatzeko espazioa galduko denik. “Atarien aurrean oinezkoentzako eremua sortu gura dugu, eta egia da autoa ezingo dela orain bezala ate parean utzi. Baina hogei metrora orain dagoena baino espazio handiagoa izango dute aparkatzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!