Udal hauteskundeak 2015

"Aldaketarako beharra" azpimarratu du EH Bilduk

Anboto 2015ko mai. 14a, 12:34

Muntsaratz auzoan egin zuten, zapatuan, EH Bilduren datozen lau urteetako proposamenen aurkezpena. 2011-2015 legegintzaldiaren balantzea egin zuten eta EH Bilduk datozen lau urteetarako zehaztu dituen lehentasunez jardun ziren. "Abadiñon aldaketaren berme bakarra EH Bildu" dela azpimarratu zuten.

"Gu ez gara politikari profesionalak, ezta sistema kapitalista eta patriarkal honen pieza bat gehiago ere" azpimarratu zuten EH Bilduren hautagaiek: "Gu sistema hau eta udal hau eraldatzeko helburua dugun herritarrak gara".

Udalean erabakiak hartzeko modua aldatu beharra dagoela azpimarratu du, besteak beste, Abadiñoko EH Bilduk. Horretarako, asteburu honetan etxez etxe banatu duten herri programan jaso dituzte hainbat proposamen, hala nola, arlo bakoitzean diharduten herritarrek parte hartuko duten kontseiluak eratzea, auzo batzarrak egitea, edota herriarentzat estrategikoak diren gaiak erreferendum bidez erabakitzea.

Ekitaldia egin zuten Muntsaratz auzoari ere erreferentzia egin zioten, zapatuko ekitaldian. "Azken urteetan hazkunde handia" izan duela auzo horrek, baina "udalak bigarren maila batean" utzi duela kritikatu zuten. EH Bilduk azpimarratu zuen, "Muntsaratz lo egitera etortzeko auzoa izatetik auzo bizia izateko bitartekoak" ipiniko dituela.



ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!