San Prudentzio jaiak 2015

"Ska munduan entzute handikoak dira Matienan joko duten taldeak"

Anboto 2015ko api. 30a, 11:20

Jon ‘Peli’ Larruskainen, Mikel Villanuevaren eta Unai Sanchezen ekimenez antolatu dute apirilaren 30eko ska eta reggae jaialdia. Sanchez eta Villanuevarekin izan gara solasean; skazale amorratuak dira biak.


Noiz hasi zineten jaialdi honen ingurukoak antolatzen?
Mikel Villanueva: Beti eduki dugun ideia eta ametsa izan da, baina, azkenean, aurten ikusi dugu aukera. Otsail inguruan hasi ginen lanean, Jai Batzordearen batzarrak hasi zirenean. Lehenengo pausoa batzordean gure ideia proposatzea izan zen. Hurrengoa, aurrekontua eta taldeen inguruko informazioa batzordera eramatea, bertako jendeak ezagutu zitzan. Gutxinaka joan gara jendea konbentzitzen.

Zer dauka berezia reggae eta ska jaialdiak?
M.V: Ska-reggae estiloko entzute handiko taldeak aire zabalean eta doan ikusteko aukera izango dela jendearentzat.
Unai Sanchez: Inportantea da, nire ustez, hori. Izan ere, horrelako kontzertuak ikusteko aukera gutxi dugu hemen inguruan. Izatekotan, areto itxi batean, eta 20 euro inguru ordainduta izaten dira.

Zergatik aukeratu dituzue hiru talde hauek?
M.V.: Gure ideia izan da punta-puntako nazioarteko talde bat ekartzea, eta Euskal Herriko eta inguruko talderen bat gonbidatzea.

Zer esan daiteke Dr. Ring Ding kartelburuari buruz?
M.V.: Ska munduko kantari oso ezaguna da Dr. Ring Ding, erreferentziala. Gainera, 2012. urtetik ez du Estatuan jo, eta jende asko dago irrikaz.

Eta Soweto eta Siroko taldeek zer berezitasun dute?
M.V.: Guk oso gustuko dugu Sowetok egiten duen ska purua, tradizionala. Eta Siroko taldeko musikari gasteiztarrak ere oso ezagunak dira skaren munduan: asko mugitu izan dira, esaterako, Potato taldeagaz, eta mugitzen jarraitzen dute.  

Jende asko espero duzue?
U.S.: Hori espero dugu, noski. Badakigu Euskal Herriko txoko askotako zein hemendik kanpoko skazaleak etorriko direla. Nahi genuke primeran joatea, eta datorren urtean jaialdiaren bigarren edizioa antolatzea.

Gaztetatik parte hartu izan duzue Jai Batzordean, baina denbora batez parte hartu barik egon zarete, ezta?
M.V.: Bai, funtzionatzeko moduagaz ez geundelako konforme utzi genion parte hartzeari.
U.S.: 15 urte ingurugaz hasi nintzen Jai Batzordean, baina 20 urtegaz edo utzi egin nuen, nahikoa nazkatuta. Lehen herriko jende gehiagok parte hartzen zuen, indar asko gehiago zeukan Jai Batzordeak.
1980ko hamarkadatik, kontzertu bereziak hartu izan ditu Traña plazak jaietan...
U.S.: Kontzertuetarako plaza berezia izan da azken hamarkadetan Traña-Matienako sanprudentzioetakoa, bai. Denetarik entzun ahal izan da hemen; punta-puntako taldeek jo dute.  
M.V.: Azpimarratzekoak dira, adibidez, RIP, Eskorbuto eta Oi Se Arma taldeen kontzertuak.

Zein kontzertu gogoratzen duzue bereziki?
M.V.: 1980ko hamarkadako Ingalaterrako punk-rock taldea da GBH, eta duela sei urte eskaini zuen kontzertuaren oroimen oso berezia daukat, esaterako. .

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!