Aho batez onartu dute Gizon-emakumeen berdintasunerako ordenantza

Anboto 2015ko api. 29a, 13:38

Abadiñoko Independienteak, Bildu eta EAJko ordezkariek Berdintasun batzordean landutako Gizon-emakumeen Berdintasunerako ordenantza aho batez onartu zuten, atzoko udalbatzarrean.

Berdintasunaren arloa arautzeko ordenantza bat onartu duen Bizkaiko lehengo herria da Abadiño, gobernu taldeak jakitera eman duenez.

Ordenantza horren arabera, Abadiñoko Udalak berdintasuna sustatuko du bai udaletxeko barne lanean, eta baita herriko bizitza publikoan ere.

Udaletxeko barne-jardunari dagokionez, gizonak eta emakumeak Gobernu Batzordean modu orekatuan ordezkatuak egongo direla bermatuko dutela, udal teknikariek euren lanorduetan bazterkeriaren aurkako ikastaroak hartuko dituztela, eta kontratu publikoetan berdintasuna bermatzeko klausulak sartuko dituztela, jasotzen du ordenantzak.

Bestetik, atzo aho batez onartu zuten ordenantzan jasotzen denez, Abadiñoko Udalak ikastetxeetan sentsibilizazio planak martxan jartzea bultzatuko du, eta indarkeria eta portaera matxisten kontrako neurriak hartu ahal izateko, jarrera horen azterketa bat egingo du.

Gainera, herriko “segurtasun gutxiko guneak” ezabatzeko eta kaleko segurtasuna hobetzeko neurriak hartzea ere aurrekusten du Berdintasunerako ordenantzak.

Udalean ordezkaritza daukaten hiru alderdien ordezkariek azpimarratu dute, “beharrezkoa” zela ordenantza hori. Orain, ordenantzan jasotakoa gauzatzeko, “guztion konpromisoa ezinbestekoa” dela azpimarratu zuen Irakusne Gorospe Bilduko ordezkariak. “Berdintasunaren arloan oraindik ere lan asko dago egiteko”, gehitu zuen Sarai Mimenza EAJko zinegotziak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!