San Prudentzio jaiak 2015

Jairako ska eta reggae doinu landuak apirilaren 30ean Traña-Matienako jaietan

Anboto 2015ko api. 29a, 12:00
Hamabost kantuko diskoa kaleratu berri du Dr. Ring Ding Skavaganza talde alemaniarrak

Ostegunean, 23:00etan hasiko dira Dr. Ring Ding, Siroko eta Soweto ska-reggae taldeen kontzertuak San Prudentzio jaietan.

Euskal Herriko, Kataluniako eta Alemaniako hiru talde gonbidatu dituzte Traña-Matienako San Prudentzio jaietako ska-reggae jaialdira. Ostegunean txosnaguneko agertokitik ariko dira Siroko, Soweto eta Dr. Ring Ding Skavaganza taldeak. Jairako ezin aproposagoak diren doinuak eskainiko dituzte Abadiñon, Traña-Plazan.

Siroko Gasteizko (Araba) zazpikote bat da, eta Jamaikako ska-reggae doinuen estilokoak jotzen ditu haize-instrumentuekin. Potato, Kannabis eta Korroskada taldeetan ibilbide luzea eginikoak dira Sirokoko musikariak. Taldekide gehienak Potato taldean ibilitakoak dira, eta, hain zuzen, talde horretan ezagutu zuten elkar. Sirokoren kontzertuak ska eta reggae jaiak direla azpimarratu dute antolatzaileek. Musika dantzagarri eta dibertigarria, baina, aldi berean, aldarrikatzailea ere bai.

Ska jamaikarreko kanten bertsioak jotzen hasi zen taldea, eta The Skatalites taldea du erreferente nagusitzat. Horretaz gainera, taldekideek azaldu dutenez, “inprobisazioa inportantea da” euren kontzertuetan. Jazzagaz ere hartu-emana dute, “kontzertu bakoitza zerbait bizia eta berezia izatea lortu guran betiere”. Taldekideen berbetan, musika bihotzagaz entzuten duten guztiei zuzenduriko diskoa da Apetece, que no es poco. Talde gasteiztarraren lehenengo grabazio lana da.

Soweto taldea, ostera, 1998. urtean sortu zen, Bartzelonako (Herrialde Katalanak) Gracia auzoan, eta egiten duen musikak entzulea 1960ko hamarkadako Jamaikako girora eramateko gaitasuna du. Sowetoko musikariek ere leku eta sasoi hartako The Skatalites taldea dute kuttunen. Zaletasun hori partekatzen dute, besteak beste, Siroko taldekoekin. Zortzikotea da Soweto, eta South West Town da kaleratu duen azken lana; 2011. urtean argitaratua. Aurten du hirugarren diskoa kaleratzeko asmoa.

Dr. Ring Ding alemaniarra, bestalde, Europako ska eszenako talderik entzutetsuenetariko bat da. All Stars taldean ibilitako Dr. Ring Ding, Skavaganza taldeko lagunekin etorriko da Traña-Matienara. Bingi-Bongo izeneko bigarren diskoa kaleratu berri du Dr. Ring Ding Skavaganza taldeak martxoan. Hamabost kantuko diskoa da, eta ska, reggaea eta jazz ukituak uztartzen ditu.

Esaterako, Ukranako, Euskal Herriko, Frantziako, AEBetako, Kataluniako eta Alemaniako musikariak daude Skavaganzan, Dr. Ring Ding abeslariari laguntzen. Ingelesez kantatzen dute, skari, alkoholari eta jaiari buruzko istorioak kontatzeko.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!