San Prudentzio jaiak 2015

Gazte Eguna, herriko kuadrillen arteko hartu-emana sendotzeko abiapuntua

Anboto 2015ko api. 30a, 09:00

Aurtengo San Prudentzio jaietako nobedade nagusienetakoa maiatzaren 1eko Gazte Eguna izango da. Herriko gazteen ekimenez, lehenengoz antolatuko dute. Ekintza konkretuetatik harago, biharko eguna herriko kuadrillen arteko hartu-emana sustatzeko abiapuntu izan dadila gura dute.

Izan ere, Traña-Matienako gazteak “banatuta” daudela uste du Alex Cuesta Gazte Egunaren sustatzaileetako batek: “Kuadrilla bakoitza bere lokalean sartuta egoten da, eta ez dago hartu-emanik gure artean”. Urte hasieran gabezia horri buruz hausnartzen ibili zen bere lagun bategaz, eta berbetatik ekintzetara pasatzea erabaki zuten: “Hartu-emanak sendotzeko bultzada baten beharra zegoela ikusi genuen, eta hasierako pauso hori ematea falta zen”. Otsaila zen, eta, “jaiak nahiko gertu zeudenez, Gazte Eguna antolatzeko ideia etorri zitzaigun burura”.

Hurrengo aste bietan herriko hemezortzi kuadrillagaz batu ziren, eta “gehienek begi onez ikusi zuten ideia”. Otsailean bertan antolatu zuten lehenengo batzar komuna, Errota kultur etxean. Hasierako lotsak alboratuta, “jendea animatzen joan zen, eta hainbat ideia sortu ziren”. Harrezkero astero batu dira.
Batzarrak batez ere Gazte Eguna antolatzera bideratu dituzte, baina sustatzaileek epe luzera begirako sinergia bat sortu nahiko lukete. Cuestaren esanetan, “Gazte Egunak harrera ona izaten badu, gazteen batzorde bat eratzea da helburua, aisialdiari begirako ekintza bateratuak sortzeko”, Bide horretan, Zornotzako Gazteak bilgunea dute erreferenteetako bat.

Bazkaria eta jokoak
Gazte Eguna herriko gazte batek piztutako txupinazoagaz hasiko dute. Pregoia ere irakurriko du gazteak. Ondoren, ekintza nagusi bi izango dira: eguerdian, herri bazkaria, eta, 17:00etatik aurrera, gazteen arteko jokoak. Biak Traña plazan izango dira. Bazkarirako 200 txartelak banatuta dituzte dagoeneko. Bazkalostean hainbat jokotan (sokatira eta zaku lasterketa, adibidez) parte hartzeko aukera egongo da: “Taldeak ezingo dira osatu kuadrilla bereko lagunekin. Nahastean osatuko ditugu, batak besteagaz konfiantza hartu, eta hartu-emanak estutzeko modu egokia delako. Horrela erabaki dugu batzarretan”.

Euria ari badu, eskolako aterpera tokialdatuko dituzte ekintza biak.

Ondoren, 18:30ean, elektrotxaranga bategaz herritik zehar ibiliko dira denak elkarrekin giroa alaitzen: “Elektrotxaranga ez dugu guk antolatu, baina, txosnekin eta udalagaz berba eginda, egun honetan jartzea lortu dugu”.

Lehenengo Gazte Eguna musikagaz agurtuko dute; 23:00etan, Las Tea Party eta Eromen taldeek zuzenekoak eskainiko dituzte Traña plazan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!