Eguaztenean San Vicente enpresan zaurituriko langilea hil egin dela jakitera eman du LABek

Anboto 2015ko api. 24a, 14:42

Zelaieta auzoko San Vicente galdategian mantentze-lanak egiten zebilela eguaztenean larri zauritu zen langilea gaur goizean hil dela jakitera eman du LAB sindikatuak.

Komunikabideetara bidali duen oharrean langilearen senitartekoei eta lankideei elkartasuna adierazi die LABek, eta "laneko istripuen ondorioz gertatzen den azken heriotza izatea" aldarrikatu du idatzian.

Bestalde, astelehenean, 12:00etan, San Vicente enpresako langileek 45 urteko lankidearen heriotza gaitzesteko kontzentrazioa egingo dutela iragarri du LAB sindikatuak. Mobilizazio horregaz bat egin du sindikatuak, eta "kidego guztiari bertan parte hartzeko deia luzatu" dio.

Bi lan-istripu larri, asteon, Durangaldean

Martitzenean, Traña-Matienako Injectametal enpresan ere istripu larri bat gertatu zen. Lankideek azaldu dutenez, buruan zauri larriak zituela eraman zuten lankide bat Gurutzetara.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!