Orain arte, sanprudentzioetan ume eta gaztetxoentzat ekitaldi gutxi antolatu direla-eta, hutsune hori betetzeko ahalegina egin du aurten Jai Batzordeak. Laura Sanchez eta Vega Asensio Traña-Matienako gurasoek hartu dute horretarako ardura; kezka horrek mugituta, Jai Batzordean parte hartzen hasi ziren, eta, batean eta bestean galdetu eta gero, azkenerako egitarau mardula osatu dute domeka honetarako, apirilaren 26rako.
Domekan, pilotalekuan izango dira jarduera gehienak. 10:30etik 13:00etara tailerrak egingo dituzte 3 eta 12 urte arteko umeentzat. Txikienentzako ludoteka ere egongo da, eta txu-txu trena ere edukiko dute.
Bazkalostean, 16:00ak aldera, ipuin kontaketa berezia izango dute, ahozko jarduna, marrazkia eta musika nahastuta. Vega Asensio ilustratzaileak ipuina kontatu eta marraztuko du, eta Idurre Ormaetxea biola-jotzailea izango du alboan, istorioari doinua jartzen. Ondoren, Resintonizadas taldeko pailazoek emanaldia eskainiko dute, eta 18:00 alderako txokolatada prestatuko du Geu Be elkarteak. San Prudentzio jaietan asko parte hartzen du Geu Bek urtero, eta maiatzaren 1ean ere sukaldari ibiliko dira elkarteko kideak, Traña plazan, txahala erretzen. Txokolatea hartu eta gero, joko bat egingo dute globoekin.
Iluntzean, proba jokoa
Grand Prix proba jokoa ere antolatu dute domekarako. 14 eta 16 urte arteko gazteei begirako lehiaketa izango da, eta kaletik zehar ibili beharko dira, hainbat erronkari aurre egiten. Lau pertsonako taldeetan jokatuko dute Grand Prix proba, eta, lehiaketan parte hartzeko, izena eman behar da aurretik, Errota kultur etxean. Parte-hartzaileentzako sariak egongo direla aurreratu dute.
Hilaren 28a, Umeen Eguna
Domekako egitaraua umeentzako eskaintza betetzera dator: “Asteburu biko jaiak izanda, eurei begirako gauza gutxi antolatzen direla ikusi dugu”, azaldu du Vega Asensio antolatzaileak. Iaz, esaterako, txosnaguneak jokoak antolatu zituen, baina, bestela, ekitaldi gutxi izaten direla esan du Asensiok. Apirilaren 28an Umeen Eguna izaten da, eta, horko ekitaldiez gainera, beste zer edo zer antolatzeko premia ikusi dute.
Apirilaren 28an, arratsaldean egongo dira ume eta gaztetxoei zuzendutako ekitaldiak. 16:00etan hasita, ginkana egingo dute Galizia plazan 5 urtetik gorako umeek; bizikleta gainean ibilbide bat egin beharko dute parte-hartzaileek. Plaza horretan bertan, umeentzako puzgarriak egongo dira arratsalde horretan. Euria bada, bizikleta ginkana eskolako aterpera lekualdatuko dute, eta umeentzako jolastokia, berriz, pilotalekura.