San Prudentzio jaiak 2015

Txosnaguneko txupinazoagaz abiatuko dituzte San Prudentzio jaiak, zapatuan

Anboto 2015ko api. 22a, 16:30

Mozorro eta Kuadrillen Egunagaz ekingo diete Traña-Matienan San Prudentzio jaiei. 13:00etan, txosnaguneko txupinazoa jaurtiko dute Abadiñoko baserritarrek eta ekoizleek, jaiei hasiera emateko. Herri bazkariagaz, kuadrillen arteko jokoekin, mozorro txapelketagaz eta erromeriagaz biribilduko dute eguna.


Jaien hasiera ofiziala, berriz, astelehenean izango da. 18:00etan, kuadrilla guztiak Trañako zubian elkartuko dira Donien Atxa ekartzeko. 20:00etarako Donien Atxa jasotzeko hitzordua jarrita dago. Ondoren, Iluntze dantza taldeak erakustaldia eskainiko du. Dantzen ondoren, tradizio bihurtu den saria banatuko dute. Urteko lagun ospetsuak esker ona jasoko du auzokideen aurrean. Urtero moduan, sorpresa izango da aurten sarituko duten matienarra nor izango den.

Berrikuntza ugari
Aurtengo jaiak nobedadez beteta datoz. Musika arloan, esate baterako, ska eta reggae jaialdia da berrikuntza horietako bat. Era berean, maiatzaren 1erako, auzoko gazteek lehenengoz antolatuko dute Gazte Eguna.

Azoka eta herri kirolak
Jaietan eguerdiko giroagaz gozatu gura dutenek ere izango dute aukera Traña-Matienako jaietan. Izan ere, maiatzaren 1ean, Geu Be taldeak txahal bat erreko du Traña Plazan. Bitartean, nekazari azokan herriko baserrietako produktuez gozatzeko aukera izango da. Euria egiten badu, azoka Merkatu plazara lekualdatuko dutela jakinarazi dute. Era berean, giroa indartzeko, sagardo jaia prestatuko dute. Goiza amaitzeko, berriz, herri kirolen erakustaldia eskainiko dute. Eguerdian ere Iluntze dantza taldeak erakustaldia eskainiko du.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!