Arenys de Muntek zer pauso eman zituen galdeketa egiteko?
Hamar urtean MAPAk (Moviment Arenyenc per l’Autodeterminació) herrian sentsibilizazio kultura landu zuen, batez ere autodeterminazio kontzeptua zabalduz. Autodeterminazioa ulertzen dugu geure burua gobernatzeko gaitasuntzat, Espainiako Estatuaren esku-hartzerik gabe. Era berean, 2009ko ekainaren 4an, J.M. Ximenis CUPeko (Candidatura d’Unitat Popular) errejidoreak mozio bat aurkeztu zuen, 10.000 sinadura bildu zituen ekimen legegile bat babesteko eta 2010eko irailaren 12an autodeterminazioaren inguruko erreferendum bat egiteko.
Zein izan zen mozio horrek udalbatzarrean jaso zuen erantzuna?
Udalbatzarrean mozioa onartu zuten aldeko hamaika botogaz. Arenys de Munt 2000 plataforma independentea, Esquerra Republicana eta Convergencia i Unio alde agertu ziren. PSC-PSOEren ezezko hiru boto jaso zituen. Jendeak ulertu zuen bozketa bat demokrazia lantzeko modu bat dela. Horrela herri-antolaketa prozesu bat jarri zen martxan alderdi politikoetatik kanpo. Esan daiteke kontsulta herritarrek antolakerako duten gaitasunaren adibibe bat izan zela, independentziarako zuten gogoa adierazteko gogotsu.
Mozio horretan zer galdera planteatzen zen erreferendumerako?
Ondorengo galdera planteatzen zen: Ados egongo zinateke Katalunia zuzenbide estatu bat izateagaz, independentea, demokratikoa eta soziala, Europako Batasunean integratua?
Parlamentura eraman zenuten ekimena. Zelako erantzuna jaso zuen?
2009ko ekainaren 16an Parlamentuko mahaiak ez zuen tramitera onartu. Hori garrantzitsua da, gero denek babestu zutelako galdeketa.
Zelan hartu zenuen parte mugimendu honetan?
Esan daiteke galdeketaren inspiratzaile teorikoa izan nintzela. Gainontzekoak gogaitzen zituena nintzen, eta ikasi eta prestatu egin behar dugula esaten nuen. 2005ean nazioarteko konferentzia bat antolatu genuen zapaldutako herrien inguruan. Euskaldunak, bretoiak eta galiziarrak etorri ziren. Ni oinarrian egon naizen beste herritar bat izan naiz.
Mehatxuak bizi izan zenituzten?
Falange Española-JONS erakundeak telefono bidezko mehatxuak egin zizkien hainbat herritarri, eta pintaketak ere egin zituzten
Hainbat sektoretatik jaso zuen babesa ekimenak?
Galdeketak kultur arloan jaso zuen babes handiena. Idazleak, poetak, abeslari batzuk, unibertsitateko irakasleak... Politikariek erreserbekin jokatu zuten, baina galdeketaren egunean denak etorri ziren herrira argazkia ateratzera, hurrengo egunean hedabideetan irteteko. Ez zekiten oso ondo Arenys de Munt non zegoen, baina denak agertu ziren.
Jendeak zelan bizi izan zuen egun hori?
Jendea ilusioz irten zen kalera. Falangearen mehatxuengatik sortutako beldurra gainditu zuen. Hala ere, giroan tentsioa zegoen. Jendea arduratuta zegoen. Gerra sasoian eta frankismoaren 40 urteetan gertatutakoaren beldur historikoa da hori. Hala ere, kontsulta egunean Mossos d’Escuadrako polizien eta CUPeko kideen artean koordinazio ona izan zuten, eta hiru eta lau falangista talde isolatuta egon ziren. Jendea harro zegoen bozka eman eta herrian sortu eta hazitako ekimen batean parte hartzearren.
Zein izan zen kontsultaren osteko emaitza?
8.023 biztanle ditu herriak, eta parte-hartzea %41ekoa izan zen. %96,2k aldeko bozka eman zuen, %2,3k kontrakoa eta %1,1ek boto zuria eman zuen.
Independentziaren aldeko bozka kopuru horren inguruan zer irakurketa egiten duzu?
2009an ere bagenekien ez zegoela Estatuagaz berba egiteko aukerarik. Bagenekien Estatuaren politika katalanon interesen kontrakoa zela, nazio moduan eta langile klase moduan. Estatua krisi bikoitz batean zegoen: ekonomikoa eta eredu politikoari dagokiona. Ustelkeriak sistema bera baliogabetzen zuen. Estatuak Generalitatea itolarri ekonomikora bideratzen zuen, eta gure duintasunaren kontrako erasotzat hartzen genuen. Sasoi batean, 16.000 milioi euro urteko drainatze fiskalari Estatuak egindako espoliazioa katalanon lanaren emaitza zen, eta trukean ez genuen zerbitzurik jasotzen, Katalunian, hainbat arlotan, defizita eduki arren. Beraz, arazoak konpondu beharrean, Estatuak sortu egiten ditu. Ez dugu estaturik, eta Espainiako Estatua kontra dugu.
Independentziak zer ekarriko lioke Kataluniari?
Besteak beste, gure duintasuna berreskuratzea nazio libre moduan, gure orainari eta etorkizunari buruz erabakitzea, gure eredu sozial eta ekonomikoen inguruan erabakitzeko gaitasuna izatea herritarren interesen arabera, gure nazioarteko politikari buruz eta baliabide naturalaren inguruan erabakitzea, eta gure nazio kulturaleko elementuak bultzatzea.