Udal gobernuaren trinket inguruko proiektuagaz kritiko agertu da Bildu

Anboto 2015ko mar. 18a, 17:19

Prentsa oharra bidali du Bilduk, gobernuak trinket ingurua berrantolatzeko duen asmoa kritikatuz.

Trinket inguruko trafikoa eta aparkalekuak berrantolatzeko udal gobernuak daukan proiektuaren gaineko irakurketa egin du Abadiñoko Bilduk, komunikabideetara bidali duen oharrean. Bilduk azpimarratu duenez, nahiz eta proiektu hori parte-hartze prozesu batetik jaioa den, “Zelaietako berrantolaketa bere erara egiten jarraitzen du gobernuak, eta ez dabil bide onetik”.

Bilduk kritikatu du Abadiñoko Independienteak alderdiko gobernu taldea haien iritzia “eta herritarrena entzun barik” dabilela: “Parte-hartze prozesuan erabakitako hainbat puntu ez dira kontuan hartzen, eta proposamen horretan oinezkoek ez dute lehentasunik edukiko”.

Auzotarrekin lehentasunak markatzearen beharra azpimarratu dute ezker abertzaleko zinegotziek. Bilduk uste du herritarrekin aurreproiektu bat landu, eta, horretan oinarrituta, teknikariek aurkezturiko proposamenetatik partaidetzaren bidez hautatzea izan beharko litzatekeela jarduteko era.

Koalizioaren ustez, gobernu taldearena “beste irtenbide isolatu bat da”. “Trinket inguruko berrantolaketa pintura erabiliz egitea proposatzen dute, baina, gure ustez, ingurua urbanizatzea izan beharko litzateke lehentasuna, horretarako diru partida bat doituz”. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!