Mikel Garaizabal EAJko kideak azaldu duenez, abenduan eta urtarrilean egin zituzten lehenengo inkestak. Galdetegiaren 350 ale argitaratu, eta 30 erantzun jaso zituzten.
Garaizabalen berbetan, garbitasuna, bizi-kalitatea, eta osasun eta mugikortasun zerbitzuak dira herritarren baloraziorik altuena jaso duten arloak. Aldiz, trafikoa, aparkalekuak, langabezia, gazteriari zuzenduriko udal ekimenaren falta aipatu dituzte alde negatiboan: inkesta bete dutenen %91k enplegua aipatzen du kezkagai nagusi legez, gazteria %55ak, eta, etxebizitza eta aparkalekuak %27ak.
Batzokian egindako agerraldian azaldu dutenez, "herritarrenganako hurbiltasuna lantzea" da EAJren datozen urteetarako erronka nagusietako bat. Horretarako, apirilera bitartean, interneten eta etxez-etxe zabalduko duten esku-orrien bitartez ere jasoko dituzte abadiñarren iritziak.
Udal eta Foru hauteskundeez haratago ere herritarrekiko gertutasuna mantentzeko helburuagaz, 634 678 592 telefono zenbakia ipiniko dute EAJgaz harremanetan jarri gura duten abadiñarren eskura.