Trinkete ondoko aparkalekuak berrantolatuko dituzte

Anboto 2015ko mar. 11a, 13:23

Trafikoa eta oinezkoen segurtasuna hobetzeko helburuagaz berrantolatuko dituzte trinkete inguruko aparkalekuak. Inguru horretan 21 aparkaleku gehiago atonduko dituztela esan du gobernu taldeak.

Herritarrei aldaketa horien berri emateko, bandoa kaleratu du Abadiñoko Udalak, eta aukera zabaldu du, abadiñarrek euren ekarpenak egin ditzaten. "Proiektu xumea da", esan du Jose Luis Navarro alkateak, "baina uste dugu mesede handia egin diezaiekeela herritarrei; aparkaleku berriak sortuko direlako, trafikoa baretuko delako eta oinezkoendako gune berriak atonduko direlako".

Oinezkoendako guneak eta zebrabide berriak markatuko dituzte, besteak beste. Izan ere, gaur egun bezala, oinezkoendako guneak margotu barik egoteak arriskua dakarrela azpimarratu du udalak. Proiektu honen barruan, bestalde, Zelaietako eta Muntsaratzeko bidegorriak lotzeko lanak egingo dituztela ere aurreratu du gobernu taldeak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!